Talibanek antisorgailuak debekatu dizkiote Afganistango emakumeei
Oraingo honetan botiketan antisorgailuak debekatu dituzte, merkatu beltzean euren prezioa izugarri haztea eraginez. Emakumeei hezkuntzara sarbidea eta gidatzekoa kendu ondoren, antisorgailuen txanda iritsi da. Rukhshana hedabideak ohartarazten du Kabul eta Balkh probintzietan modu progresiboan desagertuko direla botiketatik antisorgailuak. Dirudienez, erregimeneko funtzionarioek botikei produktu hauek ez saltzeko agindu die.
Osasun Publikoko Ministerioak oraindik ez du informazio hau baieztatu, baina datozen egunetan ofizial egingo dela uste da. Gainera, handizkako merkatariei antisorgailuak inportatzea debekatu diete, merkatu beltzean produktu hauen prezioaren gorakada sustatuz. Emaginek ezingo diete euren pazienteei antisorgailuak injektatu ezta errezetatu ere, euren lanaren zati garrantzitsua izan denean orain arte.
The Guardian hedabidearen arabera, Talibanenek produktu hauek debekatu dituzte "populazio musulmana kontrolatzeko mendebaldarren konspirazioaren zati" direlako. Talibanak atez ate joan dira emaginak mehatxatzen eta botikei produktu hauek zaborretara botatzeko agintzen.
Talibanek 2021eko abuztuaren 15ean boterea eskuratu zuten arte familiek euren seme-alabak noiz jaioko ziren erabaki zezaketen. Osasun Publikoko Ministerioak doan banatzen zituen antisorgailuak. Erditzen zuten emakumeen heriotza tasa murrizteko hartu zuen neurri hau gobernuak, Asiako altuena baita. Izan ere, emakumeek bakarrik erditzen dute etxean eta erditze ondorengo hemorragiak ohikoak izaten dira.

