Talentu gazteen zazpi musika emanaldi izango dira 'Iruña Musika Ekintzak' egitasmoan

Talentu gazteen zazpi musika emanaldi izango dira 'Iruña Musika Ekintzak' egitasmoan Erdi Aroko musika eta ahozko tradizioa uztartzen dituen emanaldia izango da gaur. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/talentu-gazteen-zazpi-musika-emanaldi-izango-dira-iruna-musika-ekintzak-egitasmoan/@@download/image/PAM 024.jpg
2024/02/12
Erdi Aroko musika eta ahozko tradizioa uztartzen dituen emanaldia izango da gaur.
Talentu gazteen zazpi musika emanaldi izango dira 'Iruña Musika Ekintzak' egitasmoan

Entrebescant taldeak emango dio hasiera gaur Iruña Musika Ekintza (PAM’24) zikloari, El cantar del destierro izenburua duen emanaldiarekin. Erdi Aroko musika eta ahozko tradizioko musika uztartuko dituzte eta El Cantar del mío Cid lanaren zatiak ere tartekatuko dituzte. Entrebescant taldea honako hauek osatzen dute: Alaia Belaunzaran (harpa eta alboka), Livia Camprubi (bihuela eta ahotsa), Pablo F. Cantalapiedra (flautak, perkusioak, ahotsa), Victor Gallego (perkusioak) eta Bea Peña (ahotsa, zarrabetea, perkusioak). 

Hurrengo emanaldia ostiralean izango da, hilaren 16an, eta biolontxelo eta harpa bikotea izango dira, Cristina Gonzalez Sanz-Gomez eta Raquel Ortega Ilarregi. Errepertorio zabala eskainiko dute, barrokotik XX. mendean estilo erromantikoa nagusi zen garaira arteko piezak interpretatuko baitituzte. 

Hurrengo egunean, otsailaren 17an, 18:00etan, Hello-Cellok Biolontxelo bertso finduna izeneko familia-ikuskizuna egingo du. Javier Navascuesen eta Eva Niñoren biolontxeloak elkartuko dira eta "begiak itxi eta soinuez gozatzera" gonbidatuko dituzte ikusleak, poesia eta musika uztartzen dituen ikuskizun honetan. Ekintza honetan parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena 010ean, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es/eu webgunean. 

Igandean, 12:00etan, Anne-Pierre Pitet harpa-jotzaile suitzarrak eta Dani Velasco biolin-jotzaile iruindarrak osatutako Duo Atman taldearen emanaldia izango da, harpa, biolin eta ahotsen kontzertua. Atzerriko hizkuntzak eta kulturak ekarriko dituzte, mundu osoko doinu eta abestiak, jatorrizko hizkuntzan kantatuak.

Maria Salvatori biolontxelo-jotzaileak eta Ofelia Montalvan piano-jotzailearen txanda izango da otsailaren 21ean, 19:30ean.  Brahmsen 2. sonatak eta Xostakovitxen sonatak osatutako programa eskainiko dute.

Otsailaren 23an, 19:30ean, Cuarteto Ascot laukotearen emanaldia izango da. Irene Comesaña Aguilar (pianoa), Celia Molina Gomez (biolina), Esther Fernandez Olalla (biola) eta Clara Riviere Visier (biolontxeloa) dira taldeko kideak. Ahaztutako Espainiako emakume konpositoreen zein ezagunagoen errepertorioa eskainiko dute. 

Azkenik, otsailaren 25ean, 12:00etan, Dúo M&M taldeak Europan eta Amerikan zeharreko ibilbide musikala egingo du, tronboiarentzat idatzitako errepertorioaren inguruan. Besteak beste, Mozarten, Weberren, Fallaren, Albenizen, Pryorren eta Gershwimen lanak joko dituzte. Angel Morenok (tronboiak) eta Jonathan Millak (pianoa) osatzen dute duoa. 

Ikuskizun guztiak Kondestable Civivoxean izango dira, eta sarrera librea izango da. Biolontxelo bertso finduna familia-ikuskizunerako aldez aurretik eman behar da izena.