Talde eta bakarlari gazteen 'Gazte Talent' lehiaketarako izen-ematea zabaldu dute
Jimmy Jazz elkarteak –Laboral Kutxaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren eta Araba Euskarazen laguntzarekin– urtero antolatzen duen talde berri eta bakarlarien musika lehiaketaren zortzigarren edizioa izango da honakoa.
Araban eta Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14-35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Merkatuan diskoren bat edo diskoetxeren batekin kontratua dutenak baztertu egingo dira; ez, ordea, eurek finantzatutako lanak dituztenak.
Bi kategoria izango dira parte-hartzaileen adinaren arabera. Batetik, Gazte Talent saria izango da, 14-24 urteko gazteentzat, eta bestetik, Gazte Talent Laboral Kutxa saria, 25-35 urtekoentzat.
Lehiaketan parte hartzeko taldearen ibilbidearen azalpen laburra, argazkia eta grabazioren bat bidali beharko da, bestelako dokumentazioarekin batera. Posta elektroniko bat bidali beharko da gaztetalent@gmail.com helbidera azaroaren 18ra arteko epean. Aurrez aurre ere eman ahalko da izena Jimmy Jazz aretoaren bulegoetan.
Antolakuntzako kideek osatutako Hautaketa Batzordeak aukeratuko ditu bigarren fasera igaroko diren taldeak. Hautaketa batzordearen erabakia: azaroaren 23an jakinaraziko zaie hamar talde finalistei. Talde finalistek hogeita hamar minutu inguruko kontzertua prestatu beharko dute eta epaimahaiaren aurrean zuzeneko emanaldia emango dute. Bi finalak Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira, abenduaren lehen astean.
Talde finalista guztiek 200 euro jasoko dituzte finalean parte hartzeagatik. Gazte Talent saria irabazten duenak 1.000 euro lortuko ditu, eta Gazte Talent Laboral Kutxa sariaren garaileak ere beste hainbeste. 500 euroko bi accesit ere izango dira: euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat eta emakumeak tartean dituen talde edo bakarlari onenarentzat. Epaimahaiak abenduan ezagutaraziko du bere erabakia.
Lehiaketaren oinarrika hemen kontsulta daitezke.

