Tabakalerako zuzendariak dimisioa eman du

Tabakalerako zuzendariak dimisioa eman du https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tabakalerako-zuzendariak-dimisioa-eman-du/@@download/image/20105207322Tabakalera_10.JPG
2012/12/13
berria
Tabakalerako zuzendariak dimisioa eman du
Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak badute zeresana Tabakaleran, eta hiru aldeek bilera egin zuten atzo. Urte bukaera bitarteko epea eman diote elkarri, eraberritze proiektuan murrizketak egiteko. Egoera ekonomikoagatik hartu dute erabakia.
Horren aurrean Joxean Muñoz zuzendariak kargua utzi du.




"Tabakalera proiektua, ikuspegi arkitektonikotik zein kontzeptualetik birplanteatu eta birdimentsionatzeko prozesua abian jartzeko Administrazio Kontseiluak hartu duen erabakiaren aurrean, urte hauetan zehar defenditu dudan proiektuarekiko koherentziagatik eta garatu ditugun kontzeptu eta ideiekiko eta proiektuan inplikatu ditugun pertsona eta erakundeekiko konpromisoagatik, Tabakalerako zuzendari nagusi gisa nire dimisioa aurkezteko erabakia hartu dut", azaldu du Joxean Muñozek.

Tabakalera Donostiako lantegi garrantzitsuenetakoa eta handienetakoa izan zen joan den mendean. Behin lantegia itxita, hainbat kultur jarduera egin dituzte bertan –GAZTEZULOk 100. zenbakira iritsi izana ospatu zuen fabrika izandakoan joan den urteko urrian–, barrutik guztiz eraldatzeko proiektua lantzen zuten bitartean.

Hain justu, hil honen bukaeran eraikina ixtekotan ziren obrak hasteko. Odon Elorza Donostiako alkatea berritze proiektua atzeratzearen eta gogoeta prozesua abiatzearen alde azaldu zen joan den igandean, hiriko egunkari batean egindako adierazpenetan. Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak lanak egin egingo dituztela esan zuen aste hasieran eta Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak ere bere iritzia plazaratu du aste hasieran: alkateak bezala, lanei ekin aurretik gogoeta egin behar dela uste du. Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendariari dagokionez, "krisira egokitzeko bideak" bilatzen ari direla esan zuen atzo, eta nabarmendu zuen proiektua ez dela garestitu azken bost urteetan. Azkenean, esan bezala, erakundeek eraikina barrutik zaharberritzeko egitasmoa ez dute bere horretan utziko, eta murrizketak egingo dituzte.
Tabakalera kultura eta aisiaren mesedetan eraldatu behar duten lantegi zaharra da. Hura bezalako beste hainbat eraikin daude Euskal Herrian bertan eta munduan zehar. Bide bera hartu duten eraikin batzuei buruzko erreportajea prestatzen ari gara ekaineko GAZTEZULOn.