Sutu egiten naute

Sarri esaten da, autoan gidari goazenean, kolpetik aldatzen zaigula aldartea. Goxoena ere zakartzen duela bolanteak. Harrituta begiratzen diet maiz lagun patxarosoenei, txofer-lanetan nola ernegatzen diren ikusita.
Nik, berriz, pazientzia gutxiko pertsona izanik ere, parean gidari kamikazeren bat tokatzen zaidanean, nekez zanpatzen diot bozinari. Marmarrerako joera handiagoa dut edo, gehienera ere, zatarkeriaren bat botatzekoa. Baina ez naiz kotxean umorea zakurtzen zaion horietakoa. Nire buruarekin harro ere sentitu izan naiz, alajaina: autobusaren esperoan egoteko gauza ez haiz eta, nahikoa egiten dun, kotxean inorrekin liskarrean hasi gabe.
Azkenaldi -nahi baino luzeago- honetan, ordea, konturatuta nago zerk sutzen nauen: aldiro etxean jasotzen ditugun telefono dei amorragarriek. Unibertsitatean ikasitakoa, noizean behin erabilgarri da-eta, aztoratzen nauena telemarketinga dela esan beharko dut.
Nire onetik ateratzen naute. Ezer gutxik sutzen nau horrenbeste. Badakit lanean ari direla, ez direla inoren kaltean ari, baina, uuffff zenbaki ezezaguna ageri denero, kaixo, arratsalde on, Mariela ari zaizu hizketan. Halako telefono-etxetik ari naiz hoska. Zenbaki honen titularrarekin ari al naiz?. Akabo.
Artistak dira niri barrena kalejiran jartzen. Ezin korrektoago, ezin edukatuago aritzen dira. Eta ezin haserreago jartzen naute. Igual-igual dio goizeko hamarrak izan, gauekoak edota bazkalondoko lo-kuluxka garaia. Hau miseria! Noiznahi ageri da zenbaki ezezaguna gure etxeko telefonoaren pantailatxoan, argi naranjarekin saltoka.
Modem azkarragoa, etxekoen arteko deiak erdi prezioan, interneterako sarbidea eta telebista digitala sorta berean hamaika eskaintza. Azkena; burko biskoelastikoa dutela guretzako opari, orain urtebete, denda ireki zutenean, adeitasun handiz erantzun genielako. (Nire baitan, orain gutxi deitu izan bazenute, por los erantzungo nizuen horren atsegin).
Jator izatetik, edukatura eta, edukaziotik zakarkeriraino joan naiz. Koadrilan badugu bat, etxetik ari denean, zenbakirik ageri ez duena. Oraintxe, alfer-alferrik deituko du gurera. Izan ere, ikasita nago honezkero; zenbaki ezezaguna ageri dutenei, hartu ere ez.