Suteak ekiditeko, ahuntzak

Suteak ekiditeko, ahuntzak Portugalen antzinako teknika hau berreskuratu dute, eta oraingoz arrakastatsua suertatu da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/suteak-ekiditeko-ahuntzak/@@download/image/pastor-cabras-3.jpg
2019/08/20
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Portugalen antzinako teknika hau berreskuratu dute, eta oraingoz arrakastatsua suertatu da.
Suteak ekiditeko, ahuntzak

Udatik udara, Portugalek sute ikaragarriak jasaten ditu, zein baino beldurgarriagoak. Konponbidea ez da erraza, eta berotze klimatikoak eragindako lehorteek ez dute laguntzen; hala, bertako gobernuak antzinako teknika bat berreskuratzea erabaki du: ahuntzak.

Hain zuzen, ahuntzek sekulako lana egiten dute zelai eta mendietako sastraka lehorrak garbitzen; beren jarduna bikaina da suteak ekiditeko. Baina arazo bat dute; ez dago nahikoa artzairik ahuntz guzti horiek bideratzeko. The New York Times egunkariak erreportaje honetan azaltzen duenez, 11 mila ahuntz ari dira egun Portugaleko zelaiak garbitzen, eta aldiz, soilik 40 artzai daude zainketa lanetan.

Ez da ondo ordaindutako lana; egunean 3 euroko soldata jasotzen dute ahuntzak zaintzen dituzten artzaiek. Halere, ahuntzek beharrezkoa dute artzaien laguntza, bere kabuz ez direlako sastraka gune zailenetara iristen, eta horiek dira hain zuzen suteak ahalbidetu ditzaketen gune arriskutsuak. 

Artzaintza galbidean dagoen lanbidea da, eta ez bakarrik Portugalen; gurean ere, geroz eta gutxiago dira ofizio hori egiten dutenak. Gaizki ordaindua, gogorra eta gutxi baloratutako lanbidea da, eta aldi berean garrantzi handikoa ingurugiroarentzat.