Sute bat aprobetxatuz, Altsasuko gaztetxea miatu dutela salatu dute

Sute bat aprobetxatuz, Altsasuko gaztetxea miatu dutela salatu dute https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sute-bat-aprobetxatuz-altsasuko-gaztetxea-miatu-dutela-salatu-dute/@@download/image/201012841293465256782_40658df9ce.jpg
2012/12/13
berria
Sute bat aprobetxatuz, Altsasuko gaztetxea miatu dutela salatu dute
Altsasuko Gazte Asanbladak gogor kritikatu du joan den urtarrilaren 11n gaztetxean izandako sute txiki baten harira Foruzaingoak harturiko jarrera, eta manifestaldia deitu du hilaren 30erako.

Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, urtarrilaren 11n, goizeko 10:30ak inguru, herritar bat Altsasuko gaztetxera hurbildu zen aurreko egunean tximiniak su hartu zuela zirudielako. Etxea kez beterik aurkitu eta suhiltzaileengana jo zuen berehala. Hauek "modu azkar eta eraginkor batean" konpondu zuten arazoa.

Inork hots egin gabe, ordea, Foruzaingoa bertaratu eta agenteek hasiera-hasieratik ekin zioten hainbat lekuri argazkiak ateratzeari. Etxeak inongo erorketa arriskurik ez zuela baieztatu zuten suhiltzaileek, baina foru-polizien hitzetan, polizia zientifikoa arduratuko zen eraikinaren kalteak neurtzeaz eta haiek agertu arte inor handik ez mugitzeko agindua eman zuten. Bi UMI furgoneta (istiluetarako darabiltzatenak) baliatuta inguruko kale guztiak moztu zituzten eta, polizia zientifikoa iritsi zenean, hainbat foru-agente eurekin batera Gaztetxera sartu eta erregistro ilegal bat egin zuten, Altsasuko gazteek salatu dutenez.

Gaztetxearen egoeraren berri jakitera hurbildu ziren herritar guztiak gaizki tratatu zituztela kritikatu dute asanbladakoek, eta hainbat gazte indentifikatu ere egin zituztela. Gertatutako guztia gaitzesteko, "Gaztetxeak aurrera!" lemapean manifestaldia deitu dute urtarrilaren 30erako, arratsaldeko 19:00etan Altsasuko plazan.