Sustrai Colina: "Ondo bereizten dut oholtza gainekoa eta azpikoa"

Sustrai Colina: "Ondo bereizten dut oholtza gainekoa eta azpikoa" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sustrai-colina-quotondo-bereizten-dut-oholtza-gainekoa-eta-azpikoaquot/@@download/image/Sustrai.jpeg
2008/07/04
elkarrizketa
Bertsolariak eta festa, elkarren sinonimo dira. Baina bertsolariak eta sexua, zer dira, sinonimo edo antonimo? Sustrai Colinarengana jo dugu argibide eske.

Inoiz erabili al duzu bertsoa ligatzeko?
Ez dut inoiz erabili, eta gainera, beti saiatu naiz ez erabiltzen. Beste kontu bat da bertsolari izateak horretan laguntzen ote duen.

Laguntzen du?

Nahiago dut ez jakin. Espero dut niregana aurreratu diren pertsonak niregatik etorri izana, eta ez bertsolari naizelako.

Plaza-gizonak ondo moldatzen dira ohean?

Hor egunak izaten omen dira, eta suposatzen dut ezberdinak garela oholtzan eta ohean. Hala ere, gure lagun batek esaten du bertsolariok bertsotan egiten dugun modu berean egiten dugula larrutan... egia esan, ez dakit zer  esan nahi duen horrekin.

Ohean, gai librean ala gai-jartzailearekin?

Gai librean.

Puntuka, zortziko txikian ala bederatzikoan?

Berdin zait, laguna da inporta duena. Bertsotan ere neurria ez zait inporta, norekin ari naizen baizik.

Aspaldi sortu ziren bertso-eskolak, baina sexu-eskolarik ez daukagu oraindik...

Komeniko litzateke sortzea, eta bertso eskolen espiritu berarekin, gainera: formazio orokor bat eman, eta gero, bakoitzak bere gustu eta nahien arabera landu dezala hori.

Oholtza gainean, guk ikusten ez ditugun harremanak sortzen al dira?

Niri ez zait gertatu. Batzuek esaten dute oholtzatik gauza asko ikusten direla... baina harremanak sortzeko, nik distantzia txikiagoa behar dut horretarako. Ondo bereizten dut oholtza gainekoa eta oholtza azpikoa.