Susan Ward: Orkidea basatia

Susan Ward: Orkidea basatia https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Susan Ward: Orkidea basatia

Monroe herrian jaio zen Susan Ward. Patuak zinema izar izateko aukeratu zuela dirudi. Baina Susan ez da Marilyn. Kilate gutxiko aktore arrunta baizik. Talenturik gabeko edertasuna distira iragankorreko izar delako beti. Basetxe batean hezi eta hazi zen Susan txikia. Animaliz inguraturik. Horrexegatik, albaitari izatearekin egiten zuen amets gau eta egun. Baina, 13 urteko nerabea baino ez zela, Ford modelo-agentzia entzutetsuak errefusatu ezineko eskaintza egin zion. Maletak hartu eta New Yorkeko asfaltozko oihan gordinera jo zuen; arrakasta xede.
Apurka-apurka, ordea, interpretazioaren esparrura zuzendu zituen urratsak Susan Ward gaztetxoak. "All My Children" telesailean rol txiki bat lortu zuen arren, oharkabe pasatu zen neskatoa. Aaron Spelling ekoizle boteretsuak eman zion lehen aukera handia "Malibu Shores" telesail kaskarrean. Telenobelak, noski, porrot egin zuen. Sasoi hartan, zineman ere muturra sartzen ahalegindu zen. "Poison Ivy: The New Seduction" film erotikoan, hain justu. Pelikula ez zen zinema aretoetan sekula estreinatu. Bideoklubetako apalik ezkutuenetan amaitu zuen.
Etsitzear zela, Aaron Spelling mitikoak Susanen atea jo zuen berriz ere, eta "Sunset Beach" telesailean rol esanguratsua eskaini zion. Telesailak arrakasta ikaragarria izan zuen, eta Susan Ward beraren lana ere saritua izan zen. Erdietsitako ospea profitatuz, zinemaren ur uherretan murgildu zen beste behin neskatoa. Hala, "The In Crowd" kultuko filma errodatu zuen. Bertan, Brittany Foster "serial killer" arriskutsu bezain erakargarriaren rola jokatu zuen. Pelikulak oso ezagun egin zuen Susan Ward, eta Maxim, FHM eta antzeko aldizkarien azaletako erregina bihurtu zen. Handik gutxira, Farrelly anaia eskatologikoen "Shallow Hal" erdipurdikoan lan egiteko parada izan zuen.
Azken bi urteotan, ostera, bere distira itzali egin da. "Wild Things 2" eta "Would I Lie to You?" film kerratuak besterik ez ditu errodatu eta. Mutil-lagunak —zinema ekoizlea da— ere ezin izan du, antza, bere gainbehera leundu. Gaztea den arren, edertasuna zimeltzen zaienean ahanzturaren artxipielagoan galtzen diren izar iheskor horietako beste bat izango dela susmatzen hasiak gara, egiazki. Diamante landugabea, alegia. Pena da, baina bikinizaleek ez dute Oscarrik banatzen.

Nortasun agiria
Izena: Michelle Susan Ward
Jaioteguna: 1976-IV-15
Jaiolekua: Monroe/Lousiana (AEB)
Mutil-laguna: David Robinson zinema ekoizlea
Musika talderik gustukoena: Dave Matthews Band
Lagunik onenak: Charisma Carpenter, Sarah Buxton eta Clive Robertson aktoreak
Gizonezko aktore bat: John Cusack
Emakumezko aktore bat: Jessica Lange.
Telesailik kuttunena: "Sex & the City"
Bizio bat: NASCAR auto karreretan lehiatzea
Maite ditu: Abereak
Gorroto du: Fideltasunik eza
Zaletasunak: Golfa, irakurtzea, dendaz denda ibiltzea