Surrealismoak zipriztindutako puzzlea

Surrealismoak zipriztindutako puzzlea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/surrealismoak-zipriztindutako-puzzlea/@@download/image/74p69_2.jpg
2007/05/04
erreportajea
Gontzal Agote
Surrealismoak zipriztindutako puzzlea
Izenburua: Eternal sunshine of the spotless mind (2004)
Zuzendaria: Michel Gondry
Aktoreak: Jim Carrey, Kate Winslet, Kirsten Dunst.

Garai batean, Hollywoodeko urrezko urteetan, gidoilariak jaungoikoaren parekoak ziren; istorioak asmatzen edo egokitzen zituzten idazle horiek ospetsuak eta baloratuak ziren. Gero, star-systema ailegatu zen, eta aktoreak hasi ziren boterea eskuratzen. Azkenik, 60ko hamarkadatik aurrera, zuzendariaren diktadura hasi zen. Gidoilariak erabat ahaztuak ziren ordurako.

Gaur egungo zinemagintzan prozesu horren ondorioak nabarmenak dira; nork ezagutzen du gidoilari pare baten izena? Inork ez; pelikulak Izpiritu Santuak idazten omen ditu.

Arau horren salbuespena Charlie Kaufmanena izaten ahal da, bera baita azken urteotan gehien nabarmendutako gidoigilea. George Clooneyrentzat Confessions of a dangerous mind egokitu zuen, baina bere lana Spike Jonze zuzendariaren izenarekin lotuta dago.

Jonzerekin bi pelikula bikain egin zituen: Being John Malkovich eta Adaptation. Batean zein bestean nabaria da Charlie Kaufmanen ezaugarri nagusia: surrealismoaren eta deskonstruktibismoaren arteko nahasketa zinez bitxia.
Dena den, orain arteko gailur artistikoa Michel Gondry zinemagile frantziarrarekin egindako pelikula honekin ailegatu zen. Gondry bideoklipen egile ezaguna da, eta filmaren aurretik erdipurdiko Human nature egina zuen, Kaufmanek berak idatzia.

Baina kasu honetan, konstelazioak zuzendariaren eta gidoigilearen alde zeuden, eta haiei esker, azken urtetako pelikularik original eta onenetakoa ondu zuten. Zaila da istorioaz hitz egitea, film osoa puzzle erraldoia baita; naif estetika berezi baten azpian, harritutako ikuslea harat-honat daraman ispilu hautsia.

Jim Carrey protagonista dela ikusitakoan, askok komedia inozo dela pentsatuko dute, baina Carreyk aspaldian erakutsi zuen nahi badu/uzten badiote, oso aktore ona izaten ahal dela – The Truman show-en esaterako-. Harekin batera, Hollywoodeko azken belaunaldiko aktorerik dotoreena, Kate Winslet, eta biak laguntzen, zinema ausartaren eremu arriskutsuan gustura mugitzen diren bi aktore gazte: Kirsten Dunst eta Elijah Wood.Goza ezazue desegindako puzzlearekin, eta ez saiatu pieza guztiak dagokien lekuan jartzen.