Surfilm Festival, zine jaialdia baino gehiago!

Surfilm Festival, zine jaialdia baino gehiago! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/surfilm-festival-zine-jaialdia-baino-gehiago/@@download/image/surfilm_festiva_1369813295.jpg
2013/05/29
berria
Surfilm Festival, zine jaialdia baino gehiago!
Surfa oinarritzat duen zinema jaialdiak, Surfilm Festivalek, aspaldi utzi zion hiru eguneko zinema jaialdi soil izateari, eta lehiaketak, kontzertuak nahiz kirol jarduerak antolatzen hasi ziren pixkanaka. Baina aurten, 11. ediziorako, inoizko egitaraurik zabalena aurkeztu dute antolatzaileek.


Ekaina surfaren hilabetea da Donostian; uda iritsi ahala, kirol honen zale ugari hurbiltzen dira Gipuzkoako hiriburura, eta bertakoek, urte osoan bezalaxe, gatz eta adrenalina bila egiten dute salto uretara. Baina horrez gain, Surfilm Festival jaialdia antolatzen dute hirian 2002az geroztik, eta surfean oinarritutako filmak aire librean proiektatzen dituzte.

Jaialdiaren egitarau zehatza datozen egunetan zehaztuko badute ere, jaialditik haratagoko ekintzaz beteriko programazioa ezagutarazi dute dagoeneko antolatzaileek. Eta egia esan, edonor txundituta uzteko modukoa da! Musika kontzertuak, argazkigintza eta bideo edizio tailerrak, arte erakusketak, film laburren lehiaketak, nazioarteko film onenen aurkezpenak, Santa Klara uharterako txangoa, aire libreko ekintzak… Gaur bertan hasiko dira, eta ekaina osora luzatu.

Protagonista

Kepa Acero surflariak ere ez du hutsik egingo. Jaialdiko gonbidatu preziatuenetakoa da, urtero hurbiltzen baita film onenez gozatzera, eta berak ere hainbat lan aurkeztu izan ditu lehiaketara. Besteak beste, iaz epaimahaiaren saria jaso zuen It’s Not About the Waves lanari esker.

Aurtengoan, olatu onenen bila mundu osoan zehar egiten dituen bidaiak parodiatuz, jaialdiaren aurezpen bideoa osatu du; txapel gorria buruan, Donostiako hondartza eta beronen inguruak erakusten ditu, paraje urrunetako paisaia ezkutuak bailiran, Adventure No 11 film laburrean. Umore puntua eta rollo ona funtsezko osagaiak baitira Surfilm Festivalean.

Aparteko jardueren egitaraua


Maiatzaren 29tik ekainaren 28ra
Daniela Garretonek egindako ilustrazioak ikusgai izango dira NoColor Galerian. Inaugurazio ekitaldia maiatzaren 29an, asteazkena, 19:30ean.

Maiatzaren 31tik ekainaren 28ra
Valentine Reinhardt, Ines Susaeta eta Pandora Decosterrek (surflari ospetsuen alabak hiruak) osatutako erakusketa ikusgai Narrika kaleko Montes & Mugican. Inaugurazio ekitaldia, maiatzaren 31n, ostirala, 19:30ean.

Ekainak 5 eta 6, asteazkena eta osteguna
Olatu Garbiak programazioaren baitako jarduerak, Aquariumean.

Ekainaren 6tik 18ra, ostegunetik asteartera
Extended Version, film laburren inguruko tailerra, Centa eskolaren eskutik. Julen Aizpitartek master class bat emango du, gainera. Info gehiago hemen.

Ekainaren 7tik 9ra, ostiraletik igandera
Nazioarteko eta bertako produkzio onenen aurkezpena Antzoki Zaharrean.

Ekainak 7, ostirala
Rockers Vs. Surfers Vs. Moderns jaialdia Gasteszenan.

Ekainak 8, larunbata
Santa Klara uhartera txangoa. Nork bere hamaiketakoa eraman beharko du, eta besteak beste, Altxorraren bila jolasa egingo dute Patagoniaren eskutik.

Ekainak 21, ostirala
Surf Foto argazkigintza digital eta analogikoari buruzko ikastaroa Pocotwo eta Roke argazkilari ospetsuen eskutik. Doakoa da, eta 4 ordu iraungo ditu. Info gehiago hemen.

Ekainaren 28tik 30era, ostiraletik igandera
Sagueseko zabalgunean Kutxa Gaua eta Pagatonia Gaua egingo dituzte, eta Betty the Shark eta Frankek kontzertua eskainiko dute. Halaber, film proiekzioak, sardinada eta beste hainbat jarduera egiteko aukera izango da.