Surf munduan girotutako 'Itxaso' telesaila estreinatu dute Primeran plataforman

Surf munduan girotutako 'Itxaso' telesaila estreinatu dute Primeran plataforman Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza dira telesailaren aktore nagusiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/surf-munduan-girotutako-itxaso-telesaila-estreinatu-dute-primeran-plataforman/@@download/image/itxaso.png
2023/09/28
Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza dira telesailaren aktore nagusiak.
Surf munduan girotutako 'Itxaso' telesaila estreinatu dute Primeran plataforman

Donostia Zinemaldiko EITB Galan aurrestreinatu ondoren, Primeran plataforman argitaratu dute Itxaso telesaila. Surfaren munduan girotutako telesail dramatikoa da, thriller kutsu nabarmena duena.

Telesailak Itxaso izeneko 17 urteko neska baten istorioa du abiapuntu. Ama hiltzean, Mexikotik Euskal Herriko kostaldeko herri txiki batera joan beharko du, ia ezagutzen ez duen aitarekin bizitzera. Herri horretan surf eskola baten arduraduna da aita. Aldeak alde, biek elkar ulertu beharko dute nahi eta nahi ez.

EITBk adierazi duenez, telesailak "nork bere burua gainditzeko egin beharreko ahalegina" du ardatz. "Gainditze horri buruz jarduten da, baina batez ere emozioen arloan: galerari nola aurre egin; aitatasuna eta guraso bakarreko amatasuna; seme-alaben heziketa eta nerabeena bereziki; bigarren aukerak… Erabaki okerrak hartzen dituen eta horren ardura hartzen duen jendeari buruz ere hitz egiten du, erabaki horiek beti modurik onenean hartu ez badira ere", azaldu dute.

Maria Cortesek sortu du telesaila, Sergio Sancho eta Daniel Terzaguiren ideia originala oinarri hartuta, eta Antonio Diaz Huertak zuzendu du. Honako aktore hauek parte hartu dute tesailean: Nerea Mazo, Aritz Kortabarria, Jon Plazaola, Itziar Atienza, Nerea Garmendia, Jon Mendia, Amancay Gaztañaga, Sambou Diaby, Nerea Paris, Itziar Manero, Aitor Beltran, Aitor Borobia eta Aitor Francesena. 

Itxaso telesailaren zortzi atalak osorik ikus daitezke Primeran plataforman. Aurrerago, EITBn ere izango da ikusgai, eta Netflix-en ere izango du leiho bat.