Surf inklusiboaren nazioarteko lehen biltzarra egingo dute Getxon egunotan

Surf inklusiboaren nazioarteko lehen biltzarra egingo dute Getxon egunotan Hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira gaur eta bihar, eta jarduera praktikoa egingo dute ostiralean hondartzan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/surf-inklusiboaren-nazioarteko-lehen-biltzarra-egingo-dute-getxon-egunotan/@@download/image/surfinklu moztua.jpg
2022/03/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira gaur eta bihar, eta jarduera praktikoa egingo dute ostiralean hondartzan.
Surf inklusiboaren nazioarteko lehen biltzarra egingo dute Getxon egunotan

Gaurtik ostiralera izango da surf inklusiboaren nazioarteko lehen kongresua Getxo Kirolak-Fadurako ekitaldi aretoan. Getxoko Udalak jakinarazi duenez, "biltzarraren helburua surf inklusiboak industriari eskaintzen dizkion aukerak indartzea, ezagutaraztea, eta ongizatearen turismoa eta turismo terapeutikoa sustatzea da, naturarekiko harreman zuzena sustatuz, zehazki, itsasoarekiko harremana. Elkargune horretan surfaren eta desgaitasunaren industriarekin lotutako pertsonak, elkarteak, enpresak, kirolariak eta erakundeak bilduko dira". 

Faduran bi saio programatu dituzte gaurko eta biharko, eta nazioarteko zenbait ekimen ezagutaraziko dituzte, hala nola Hans Hagen (Kalifornia), Santos Scholl y Cisco Araña (Brasil). Tokiko zein Espainiako Estatuko beste proiektu batzuen berri ere emango dute, esaterako, Esclerosis Múltiple España izeneko proiektua edo Estrucal.

Hirugarren saioa ostiralean izango da, eta masterclass-a egingo dute hondartzan (Plentzian edo Sopelan, eguraldiaren arabera). Bertan, talde txikietan eta parte-hartzaile bakoitzaren beharretara egokitutako osagarriak dituzten taula motak erabiliz, surfa egiteko lehen urratsak emango dira edo erabiltzaile adituagoei informazioa emango zaie.

Biltzarra Getxo, Sopela eta Plentziako udalek antolatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin eta 3Dlan eta Jaiki surf Eskola tokiko enpresen lankidetzarekin.