Surf Festa abuztuaren 30 eta 31n Oñatin

Surf Festa abuztuaren 30 eta 31n Oñatin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/surf-festa-abuztuaren-30-eta-31n-onatin/@@download/image/sur_festa_2013l_1377854558.jpg
2013/08/29
berria
Argazkiak: Xabier Rezabal
Surf Festa abuztuaren 30 eta 31n Oñatin
Surfa egiteko itsasoa beharrezkoa dela? Esan hori txantxikuei. Aurten hirugarrengoz, Surf Festa izeneko jaia ospatuko dute Oñatin. Ostiralean surfaren inguruko hainbat bideo proiektatuko dituzte eta larunbatean, Usakoko jauzi txapelketa, pinoi finkodun bizikleten bigarren kriteriuma eta Triz3ps taldearen kontzertua izango dira ekitaldi nagusiak.


2007ko udan, Oñatiko hainbat surfzaleri herrian euren kirol gustukoenari buruzko ekitaldiren bat prestatzea bururatu zitaien. Lehen edizio hartan, surfarekin lotutako hainbat dokumentalen proiekzioa eta sardinada izan ziren egitaraua osatu zutenak. Urtez urte indartzen joan da jaia, kirol berriak ere gehitzen joan dira egitaraura, eta edizio honetan, gustu guztietarako ekitaldiak prestatu dituzte.

Ostiral iluntzean emango zaio festari hasiera. 19:30etan Surf Festaren aurkezpen ofiziala izango da, eta ostean, surf taulak egiten dituen Peta Barrel shaperraren erakusketa inauguratuko dute. 22:30etik aurrera, ohikoa den legez, surfari buruzko dokuental bat proiektatuko dute.

Larunbatean goizetik hasiko da jaia. 11:00etatik aurrera, hirugarren Usakoko jauzi txapelketa egingo da. Parte hartu nahi duenak Usakon bertan eman beharko du izena txapelketa hasi aurretik. Arratsaldean, aldiz, 18:00etatik aurrera sardina erreak dastatzeko aukera izango da Kale Zaharreko plazan eta 18:30etan Peta Barrelek surf taula bat nola egiten den erakutsiko du. Arratsalde osoan zehar gainera, Lekeition ekoizten dituzten Ixi Boards longboard taulak probatzeko aukera ere izango da. 21:00etan, jauzi txapelketako sari banaketa izango da.

Iaz lehenengoz antolatu zuten Surf Festaren barruan pinoi finkodun bizikleten lasterketa eta Euskal Herriko hainbat txokotatik hurbildutako 17parte-hartzaileek ikuskizun ederra eman zuten Oñatiko kaleetan barrena. Aurten, dagoeneko 25 pertsonak izena eman dute eta larunbat arratsaldean bertan ere apuntatzeko aukera izango da. Beroketa saioa 22:00etan egingo da eta ordu erdi geroago emango zaio lasterketari hasiera.

Festa behar bezala amaitzeko, Javi P3z, Oril Flores eta Paul San Martinek osatzen duten Triz3ps soul trio taldeak kontzertua eskainiko du. Gaua luzatu eta gorputza mugitzen jarraitu nahi dutenek, Luisena eta Pako tabernetan hainbat DJren musikaz gozatzeko aukera ere izango dute.