Supermerkatu batean ligatu daitekeela uste duzu?

Supermerkatu batean ligatu daitekeela uste duzu? Pandemia garaian aukera bat izan liteke supermerkatuan erosketak eginez pertsona berriak ezagutzea. Horrela uste du ekimen berezi hau martxan jarri duten Alemaniako Volkach herriko supermerkatuak behintzat. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/supermerkatu-batean-ligatu-daitekeela-uste-duzu/@@download/image/16125137018984.jpg
2021/02/10

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Pandemia garaian aukera bat izan liteke supermerkatuan erosketak eginez pertsona berriak ezagutzea. Horrela uste du ekimen berezi hau martxan jarri duten Alemaniako Volkach herriko supermerkatuak behintzat.
Supermerkatu batean ligatu daitekeela uste duzu?

Volkach herriak 5.000 biztanle inguru ditu eta mahastiz inguratuta dago. Alemaniako beste herri eta hiriak bezala bertako jatetxeak, kultura zentroak, aisialdia eta kirol eraikinak itxita daude azaroaren 2tik. Abenduaren 2an, itxialdi honi bestelako saltokiak gehitu zitzaizkien supermerkatu eta farmaziak salbu. Kalera atera daiteke, baina gehienez binaka eta familia-kideak izan beharra dute. Azken baliabide hau ere zailtasunez egin dezakete negu gogorra dela eta. Guzti honegatik konfinamendua inoiz baino gogorragoa bihurtzen ari zaie Alemaniarrei, batez ere bikoterik gabe, bakarrik bizi direnei. Christoph Kolb da horietako bat eta berea izan da supermerkatuek zerbitzu berezi hau eskaintzearen ideia. Volkach hiriko supermerkatuko gerentea lanetan aritzen da eta single shopping zerbitzua martxan jarri du. 

Edeka supermerkatu katearen barruan dagoen Vokach herriko honek ostiraletan 18:00etatik 20:00etara bikoterik ez dutenentzat, eta bila dabiltzanentzat, ateak irekitzen ditu. Ordu horietan supermerkatura sartzean, bezeroek bihotz formako txapa moduko bat jarri dezakete, zenbaki bat duena. Modu honetara, supermerkatuko korridoreak ibiltzen dituzte, euren orgatxoarekin, musukoarekin eta segurtasun distantzia zainduz, nahiz eta beste erosleak begiratzeko baimena duten. Erosketak ere egin daitezke, bide batez, noski. Kaxatik pasatzean, norbaitek arreta deitu badizu, inprimaki bat betetzen da aukeratutako pertsonaren zenbakia bertan idatziz eta zerrenda batean gustukoena aukeratzen da. Zerrenda horretako aukeren artean daude Menoko itsasertzetik pasiatzen dugun bitartean zu hobeto ezagutzea gustatuko litzaidake edo fruta sekzioan, oraintxe bertan zurekin zerbait hartzea gustatuko litzaidake bezalakoak. 

Ondoren, lotsatienentzat unerik zailena dator. Kaxan dagoen langileak inprimakia jasotzen du eta megafoniatik aukeratutako zenbakiari dei egiten dio mezua helaraziz. Sistema originalak, zenbait bezero atzera bota ditzakeela ikusita, produktuak berrezartzeaz arduratzen diren langileek pertsona hori bilatu dezakete korridoreetan zehar eta oharra helarazi. Behin mezua entregatuta gertatu daitekeena bi pertsona horien arteko kontua da. 

Dirudienez bezeroek ekimena izugarri ondo hartu dute. Ideiak, ezin bestela, bertako komunikabideen arreta deitu du eta berehala jarri dira martxan Alemania osoan zehar mota honetako beste hainbat ekimen. Hori horrela, dakigunez zenbait bikote sortu dira modu honetan. Eta zuri, zer iruditzen zaizu ekimen hau?