Supermerkatu alemaniar batek produktu batzuen prezioak igo ditu, hauei ingurumen-inpaktua gehitu ondoren
Penny alemaniako supermerkatu nagusia da, deskontuetan jaun eta jabea. Bada, oraingoan, deskontuak egin beharrean, zenbait produkturi prezioa igo die ingurumen-inpaktua kontutan hartuta.
Proba pilotu honetan, Penny kateko 2.150 supermerkatuetan bederatzi produkturi prezioak igo zaizkie. Produktu horiek batez ere esnekiak eta haragia izan dira. Proba hau astebetez luzatu dute bi unibertsitateetako adituekin elkarlanean. Produktu horiek ekoizteko benetako kostua kalkulatu da lurrean, kliman, uraren kontsumoan eta osasunean duten eragina kontuan hartuz.
"Wahre kosten" edo "kostu errealak" deitutako kanpainaren eraginez vienar saltsitxak 3,19 euro kostatzetik 6,01era igaro dira, mozzarela %74 igo zuten eta jogurta 1,19tik 1,56 eurotara.
Kontzientziazio astea Nuremberg eta Greifswaldeko unibertsitateekin elkarlanean burutu da. Bertako adituek argi dute supermerkatuetan dauden produktuak ez dituztela, epe luzera, osasunean eta ingurumenean eragiten dituzten benetako kostuak islatzen.
Kanpaina honetan prezioa igo zaien produktuak, gazta, esnekiak oro har eta prozesatutako haragiak izan dira, batik bat. Vienar saltxitxak eta maasdam gazta %94 igo dira, adibidez, gehien igo diren artikuluak izanik.
Supermerkatu kateak adierazi du, prezio igoerarekin eskuratutako soberakina Zukunftsbauer (Etorkizuneko nekazaria) erakundeari emango dizkiola. Elkarte honek nekazari txikiak babesten ditu, sekula baino zailtasun gehiago dituztenak egungo testuinguruan bizirauteko.
"Elikagaietan ezkutuan dauden ingurumen kostuen inguruan kontzientziatu nahi dugu" esan du Penny supermerkatuen zuzendaria den Stefan Görges-ek. Dena den, Amelie Michalke, Greifswald unibertsitateko jasangarritasun adituak, azpimarratu nahi izan du "oraindik ezinezkoa" dela produktu guztien benetako kostuak kalkulatzea osasun eta ingurumenari dagokionez.
Horregatik, esperimentua produktu gutxi batzuetara mugatu da, kalkulu ahalik eta errealistenak egin ahal izateko. Adituak onartzen badu ere, "momentu hauetan oinarri zientifiko urria" dutela, espero du "honelako ekimenek indarra ematea elikagaien prezio eta baloreei buruz hitz egiteko eta hauek justuagoak izateko".
