Superheroi errentagarriak

Superheroi errentagarriak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/superheroi-errentagarriak/@@download/image/68p52-1_1365100469.jpg
2006/12/01
erreportajea
Julen Azpitarte
Superheroi errentagarriak
Superheroiek Hollywood inbaditu dute. 1989an Batman-ek milioiak nola irabazi erakutsi zuen, eta geroztik, Marvel eta DC komiki-etxeetako pertsonaiak etengabe agertzen dira pantailan. 2007an uholdea datorkigu berriro. 

Hollywoodeko gidoilariak ez daude sasoian. Irudimen faltaren ondorioz, telesail mitikoak pantailaratzen dituzte, edota fundamentu gutxiko remakeak egiten aritzen dira. Hala ere, remake eta telesailekin batera, estudioek hirugarren mauka aurkitu dute: superheroiak. Azken urteotan, AEBetako Marvel eta DC komiki konpainietako pertsonaiak erabateko zinema-izarrak bihurtu dira: superheroiak komiki bildumazale xelebreen eremu mugatutik irten dira, eta mundu osoko zinema aretoak inbaditu dituzte.

Hala, zelulosa atzean utzi, eta zeluloidezkoak bihurtu dira superheroiak: Spider-man, X-men... Zinemaratze gehienak oso arrakastatsuak izan dira, gainera, eta pertsonaia hauen trilogiak eta tetralogiak perretxikoak bezala ugaritu dira.

Fenomeno honen jatorria 1989. urtean dago, Tim Burtonek zuzendutako "Batman" filmean, hain zuzen. Burtonek, dirua nondik atera erakutsi zien ekoizleei, baina, horrez gain, gaur egungo super-heroia diseinatu zuen: nortasun konplexua duen pertsona, superbotereak zigor bezala jasaten dituena. Hala, Burtonek ederki azaldu zuen Frank Miller eta Alan Moore komikigileek sortutako Batman pertsonaiaren konplexutasuna. Eta Batman haren ondoren, beste hamaika etorri ziren... baina, zer datorkigu datozen urtetan? Uholdea!

SPIDER-MAN 3
. Aurreko biak bezala, hirugarren film hau ere Sam Raimik zuzenduko du. Oraingoan, Spider-Manek hiru etsai izango ditu: Venom estralurtarra, Hondarrezko Gizona, eta Hobgoblin, Iratxo-Berdearen semea. Portzierto, Parkerrek neska berria izango du ondoan: Gwen Stacy (Bryce Dallas Howard). Araknidoak, 1.258 milioi euro irabazi zituen aurreko bi abenturekin. Dirutza ikaragarria da, X-Men koadrilaren trilogiak (bakarrik!) 896 milioi euro egin zituela aintzat hartuz!

FOUR FANTASTICS
. Marvel konpainiako laukotea ere bigarren erasoa prestatzen ari da. Lehendabiziko filma ganora gutxikoa zen, baina 257 milioi euro bildu zituen. Lau fantastikoekin batera, komikizaleen heroi kutunenetako bat izango da film berrian: Silver Surfer, espaziotik datorren zilarrezko surflari hotza. Ioan Gruffudd, Chris Evans, Jessica Alba eta Julian McMahon aktoreak berriz agertuko dira bigarren zati honetan. 2007ko ekainaren 17an estreinatuko da.

BATMAN
. Saguzarraren hurrengo abentura "The Dark Knight" izango da. Batman eta Joker maltzurra elkartu egingo dira abentura horretan. Heath Ledger aktoreari ("Brokeback Mountain") egokitu zaio Joker-en irribarre beldurgarria erakustea. Pinguino, berriz, Philip Seymour Hoffman ("Capote") izango da. Berriro ere, Christian Bale aktorea ariko da Batman-en rolean, eta Michael Caine eta Gary Oldman ondoan izango ditu. "Batman Begins" filmak 160 milioi euro bildu zituen. Abentura berria 2008an estreinatuko da.

SIN CITY
. Bekatuaren Hiriko pertsonaia ilun eta bortitzak, pantailara itzultzekotan dira, baina oraingoan, emakume bat izango da aitzakia. "A dame to kill for" izeneko pelikula Frank Miller-en komikian oinarrituta dago, eta emakume misteriotsu hori, Angelina Jolie izango da. Jolie-ren haurdunaldia dela eta, errodajea atzeratu egin zuten. Robert Rodriguez zuzendariak, baina, Angelina polita nahi zuen, kosta ahala kosta. Mickey Rourke, Clive Owen, Jessica Alba, Michael Madsen eta Rosario Dawson aktoreak, berriz jarriko dira Robert Rodriguez eta Frank Miller-en agindupean.

HELLBOY
. Deabru gorria ere bueltan da, eta "The Golden Army" armadako hamaika izakiren kontra borrokatu beharko du. Oraingoan ere, Guillermo del Toro mexikarrak zuzenduko du filma. Ron Perlman aktoreari adarrak zorroztea egokitu zaio berriro –pertsonaia hau egiteko jaio zela dirudi-, eta, harekin batera, Selma Blair telepata su-eragilea, eta Doug Jones jenio anfibioa ikusiko ditugu ostera.

X-MEN
. Androide koadrilari buruzko hiru film egin dituzte. Orain, baina, androide horietako protagonistatzat hartu, eta filma egingo dute: Wolverine. Filmak pertsonaiaren jatorria kontatuko du, eta X-Men trilogian Wolverine-en azalean hiru aldiz sartu den Hugh Jackman izango da protagonista. David Benioff ("Troya") ari omen da gidoia idazten.

GHOST RIDER
. Infernutik dator motorzalea: larru beltzez jantzita, suzko eskeletoak deabruzko Chopperra gidatzen du. Marvel komiki-etxean bigarren mailako izarra izan arren, pantailan ikusgarria da Ghost Rider (youtube.com gunean filmaren aurrerapena ikus daiteke). Nicholas Cage aktore estatubatuarra sartu da moto gidariaren azalean. 2007ko otsailaren 17an estreinatuko da.