Super Arizkoren legegintzaldi berria

Super Arizkoren legegintzaldi berria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/super-arizkoren-legegintzaldi-berria/@@download/image/17p45-1.jpg
2002/04/05
erreportajea
Amets Arzallus


Duela urte batzuk ETBk Euskal Autonomi Erkidegoko lehendakari berria aukeratu zuen. Joxe Antonio Arizkorreta, "Super Arizko".  Hura bai lehendakaria! Politiko bezala, agian ez punta-puntakoa, baina umoretsua, inor ez bezalakoa. Eta sukaldaria, kategorikoa. Hark bai piperra eta gatza. Bolada batean, bera izan zen herri honetan Jaun eta Jabe. 

Azken urteetan, ordea, Super Arizkok atseden bat hartu du, eta orain, indarberriturik, berriro hasi da komunikabideen aurrean agertzen, arratsaldero, lauetatik goiti. Dagoeneko, ETBn agertzen diren guztiek bezala, badu zazpi edo zortzigarren agintaldia, eta egia esan, martxa honetan, Ardanzak edo Ibarretxek baino gehiago iraungo du. Hainbeste urtetan lehendakari izanik, jakin nahi nuke erretiroan zenbat kobratuko duen! Kontuak kontu, hamaika herrik hartuko luke horrelako lehendakaria. Joxe Mari bigotex eta Mayor Belarri ere inbidiatan omen daude. Eta emaztea! A zer emazte puska! Ingelesez ere Clintonek baino hobeto hitz egiten du, eta nik uste Hilary-rekin batera munduko ezagunenetakoa dela.

Nola zuen izena? Clara. A ez, barkatu, Blanca. Arratsaldero telebistari begira nagoela, pena batekin gelditzen naiz. Jaun eta Jabe fikzio hutsa dela, eta bertan ikusten dugun lehendakaria gezurrezkoa dela. Nik uste gure politikariek badutela zer ikasia Super Arizkorengandik. Dudarik gabe, Joxe Antonio da EAEn inoiz egon den lehendakaririk maitatuena. Beraz, herriaren partez, "eskerrik asko Super Arizko, zuri esker denok dakigu zer behar duen Euskadik". Gernikako piperrak, biseraz beteak.

El diario de Patricia



Izan al daiteke lodia eta sexia? Zure senarra matxista da? Gurasoen etxetik aldegin zenuen? "Ai, ai, ai, ai, ai, zenbat galdera...". Zure izaerak horiei erantzuten badie, joan zaitez Antena 3-ra. Nik beste galdera bat nuke: nor egoten da lelokeri horiei begira?

Igandea telebista aurrean



Igande goizean esnatzen naiz, joaten naiz telebista aurrera, pizten dut, jartzen dut ETB 1, eta herri kirolak. Aldatzen dut katea, jartzen dut TVE, eta eskubaloia. Jartzen dut kate frantses bat, TF1, eta futbola. Itzaltzen dut telebista, banoa bazkaltzera, siesta txiki bat egin, itzultzen naiz telebista aurrera, pizten dut, jartzen dut ETB, eta pilota. Jartzen dut TVE, eta txirrindularitza, atletismoa, eskia, golfa, edo waterpoloa. Jartzen dut France 3 eta rugbya. Hau da hau desgrazia! Zer ikusi behar dugu igandeetan kirola gustatzen ez zaigunok?