Sunshine **

Shallow Grave eta Trainspotting bikainak errodatu ostean, zinemagintza europarraren egilerik esanguratsuenetakoa bilakatu zen Danny Boyle 90eko hamarkadan. The Beach negargarriarekin, baina, hondoa jo zuen, eta harrez geroztik, kaskarkerian murgilduta dabil zinemagile britainiarra. Sunshine, noski, ez da salbuespena. Istorioa XXI. mendearen erdialdean dago girotua. Eguzkia itzaltzen ari da eta Lur planetaren heriotza hurbil dago. Hortaz, Icaro II.a espaziontzia da lurtarren itxaropen bakarra. Bertan doan zientzialari taldeak eguzkiaren nukleoan bonba bat zartaraziz izarra berpiztea du xede. 2001: A Space Odyssey eta Alien maisulanen adabakiz jositako zientzia-fikziozko ekoizpen hutsala da.