Süne, Pelax, Su Ta Gar, Rüdiger eta Janus Lester ere izango dira EHZ jaialdian
EHZk aurtengo edizioan parte hartuko duten talde gehiago iragarri ditu: Su Ta Gar, Süne, Rüdiger, Auhen, Pelax, Old School Funky Family, Janus Lester eta Octopussy. Aurretik jakinarazia zuten Belako, Nakar, Vincen Garcia, Benizze, Lysistrata eta Eesah Yasuke taldeek joko dutela jaialdian.
Bestetik, hiru egunetarako bonuak ere jarri dituzte salgai webgunean. Maiatzaren 5etik aurrera garestitu egingo da, 60 euroko prezioa izango baitu. Maiatzaren 6an jakinaraziko dute egitarau osoa, eta orduan jarriko dituzte salmentan eguneko sarrerak. Jaialdian laguntzaile lanetan aritzeko izen-ematea ere maiatzean zabalduko da.
Arrosan, Idauze-Mendin, Heletan, Lekornen eta, azken urteetan, Irisarrin egin izan da jaialdia, eta aurten Arberatzen izango da lehenengoz Euskal Herria Zuzenean. Ekainaren 28, 29 eta 30ean izango da hitzordua.