Sukaldeko olioarekin bultzatutako hegazkinak bere lehen hegaldi arrakastatsua burutu du
Hiru ordu iraun zituen hegaldia izan zen, eta Frantziako Tolosako Blagnac aireportutik atera zen martxoaren 25ean. Hegazkina erregai jasangarriarekin bultzatua izan zen. Erregai berezi honen osagai nagusia sukaldeko olioa da eta Rolls-Royce Trent 900 deitutako motor bakarrarekin funtzionatzen du. Geroago, martxoaren 29an, Airbus-ek bigarren froga-hegaldia burutu zuen erregai berdina erabilita. Frantziako Tolosatik Nizara joan zen.
Erabilitako erregaia TotalEnergies erakundeak sortzen du. Erregai honek ez du hidrokarburo aromatikorik, ez eta sufrerik ere. Airbus erregai hau probatzen aritu da. Erregai jasangarri honekin hegaldiak egiteko ziurtagiria hamarkada honen amaierarako eskuratzea espero du erakundeak. Egun, Airbus hegazkinek ohiko kerosenoa eta erregai jasangarri hau nahastuz funtzionatu lezakete, ez ordea, oraindik, %100 erregai jasangarri honekin soilik.
"Erregai jasangarri honen erabilera areagotzea gakoa izango da, 2050. urterako, karbonoaren igorpenak zerora jaitsi ahal izateko", adierazi du Airbus-ek komunikatu batean. Erakundeak ziurtatzen du, erregai hau erabiliz gero, karbono igorpenak %51-71 artean murriztuko liratekeela. Airbus-en helburua 2035. urterako igorpenik gabeko lehen hegazkina merkaturatzea da.

