Sukaldaritza eta pintura, koadroetan uztarturik

Sukaldaritza eta pintura, koadroetan uztarturik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sukaldaritza-eta-pintura-koadroetan-uztarturik/@@download/image/gastronomia_1365059325.jpg
2013/04/04
berria
Sukaldaritza eta pintura, koadroetan uztarturik
Miguel Larrarte donostiarrak bere bi pasioak biltzen dituen erakusketa jarriko du ikusgai Donostiako Okendu kultur etxean apirilaren 9tik 26ra bitarte: sukaldaritza eta margolaritza. Gastronomia izena jarri dio artelan bildumari, eta sarrera doakoa izango da.


Anitza da oso Miguel Larrarteren (Donostia, 1962) zaletasun eta jarduera zerrenda: gaztetan pintura irakasle izan zen, ondoren publizitatean egin zuen lan hamarkada batez, eta hura amaitutakoan Bartzelonara joan zen modan eta diseinuan prestatu eta irakasle moduan aritzera. Baina ez zen soilik eskolak ematera mugatu, eta Larrarte Moda izeneko merkataritza marka sortu zuen, sektoreko adituen errekonozimendua lortu zuten diseinuak osatu zituena.

Aitzitik, etapa hura amaitutzat jo zuen orain urte batzuk, eta margolaritzara igaro zen. Geroztik, hamaika lan eta bilduma osatu ditu, eta bere artelanak Euskal Herriko naiz Espainiako hainbat galeriatan izan dira ikusgai. 2005ean, halaber, pinturako master class bat eskaini zuen Donostian, eta ordutik urtero errepikatzen du.

Sukaldaritza, artelan
Oraingoan, 50 urteko ibilbidearen ostean, sukaldaritza eta margoa proiektu berean uztartzea erabaki du, eta Gastronomia izeneko obra bilduma sortu du. Lanak Donostiako Okendo kultur etxean jarriko dituzte ikusgai apirilaren 9tik 26ra, eta sarrera erabat doakoa izango da.

Gainera, inaugurazio ekitaldian Asier Artetxek sortu eta zuzendutako dokumentala proiektatuko dute, Miguel Larrarte, el artista invisible izenekoa. Ondoren, artelanak Madrilen jarriko dituzte ikusgai, eta dokumentala ere proiektatuko dute bertan.