Sudanek genital femeninoaren mutilazioaren eta haur ezkontzen aurrean neurriak hartu ditu

Hain justu, pasa den hilabetean herrialdeak uztailean onartutako legea betearazteko neurriak iragarri zituen. Lege berri honen arabera debekatua dago genital femeninoen mutilazioa; eta haurren ezkontzarekin ere bukatu nahi da. Emakume eta haurren eskubideen alde pauso garrantzitsua eman da honela Sudanen.
Nazio Batuen Erakundearen (NBE) datuen arabera Sudango emakumeen %87ak jasan du ablazioa 5-14 urte bitartean. Onartutako neurriekin poliziak legea bete arazteko ekintzak egin ditzake. Sudango poliziaren zuzendari orokorra den Ezzeldin El Seheikh-en arabera agenteek ardura gehiago izango dute krimen hauek gerta ez daitezen esku hartu eta geratzeko. Izan ere, genital femeninoaren mutilazioarekin amaitzea ez da Sudanen konpromisoa bakarrik, baizik eta munduko lider guztiena; hitza eman baitute 2030. urterako praktika honekin mundu osoan amaitzea.
Iragarritako beste neurriaren helburua haur ezkontzarekin amaitzea da, eta horretarako 1999. urtetik indarrean dagoen Haurren eskubide eta ongizatearen aldeko Afrikar eskutitza kontuan hartu da. Orain dela gutxira arte Sudanek uko egin zion 18 urtetik beherakoen ezkontzak debekatzeari, nahiz eta NBEko giza eskubideen gomendioak babestu haur ezkontzari amaiera emateko. Honela, egungo neskatoen hiru laurdenak, gutxi gora behera, 18 urte baino gutxiago dituztenean ezkontzen dira.
Hori dela eta, Sudanen jarrera aldaketa positiboa da praktika honekin amaitzeko eta horrela 2030eko garapen jasangarriaren agendan zehaztutako 17 helburuetako 8 betetzeko. Itxaropena pizten du beraz, albiste honek emakumeen eskubideak eskuratzeko borrokan.