`Sua´ film luzearen grabaketa amaitzeko estrak behar dituzte

`Sua´ film luzearen grabaketa amaitzeko estrak behar dituzte https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sua-film-luzearen-grabaketa-amaitzeko-estrak-behar-dituzte/@@download/image/20099188854Kamara_200611_053.jpg
2012/12/13
berria
`Sua´ film luzearen grabaketa amaitzeko estrak behar dituzte
Orreagako guda oinarri hartu zuen Eneko Aritza (2003) film laburra amaituta, egitasmoak izandako harrera ona eta jendeak agertutako partehartze-grinak nahiz interesak animatuta, Eneko Aritzaren Lagunak kultur taldea Sua izeneko bigarren proiektuan murgildu zen orain urte batzuk. Aurrekontua txikia da eta lana handia. Baina ttirriki-ttarraka egin dute aurrera eta larunbat honetarako (irailaren 19a) aurreikusi dute azkeneko grabaketa saioa Arabako Ozaeta herriko Otaza auzoan Garaion Naturartea elkarteak duen etxaldean. Estrak behar dituzte; zenbat eta gehiago hobe eta beraz… animatu!

Euskal Herriaren benetako historia ezagutaraztea da Eneko Aritzaren lagunen helburua, liburuetan agertzen ez den hori. Horregatik, Eneko Haritza, Nafarroako lehenengo erregea, aukeratu zuten aurrekoan protagonista. Oraingoan, aldiz, Lapurdiko ustezko sorginak ekarriko ditu gogora Sua film luzeak, Pierre de Lancre inkisidoreak XVII. mendean, 1609 urtean, kiskaltzera zigortu zituen haiek. Azken grabaketa saiorako estrak behar dituzte eta parte hartu nahi duen orok Ozaetako (Araba) Otaza auzoan du hitzordua irailaren 19an (larunbata), 15:30ean. Zer edo zer eramatekotan, arropa zaharrak janztea komeni da baina, hala ere, ez omen da nahitaezkoa.

Dena dela, ez pentsa akelarrea filmera mugatuko denik. Festa ederra antolatu baitute eguna alaitzeko! Maskara tailerrak eta grafittigileak izango dira goiz-goizetik, eta beste hamaika ikuskizun eta sorpresa prestatu dituzte akelarre eta jai giroa arratsaldez ere bermatzeko. Ez da eskaintza txarra, ala? Gaua ere bertan egin nahi duenak lo-zakua eta zerria (esterilla) besterik ez ditu behar, antolatzaileek eguraldi ona eskatu dute-eta, antza. Gazte, ume eta heldu; neska edo mutil; Elorriokoak, Lizarrakoak nahiz Hazparnekoak… denak ongi etorriak.
 
Baina, nor dira beraiek? Lehenengo aldiz Urruñan elkartu ziren egun Eneko Aritzaren Lagunak taldea osatzen duten Algorta eta Ibarra aldeko hainbat gazte. Orreagako gudari buruzko film labur "xixtrin" bat egiteko asmoa zuten; baina batez ere ondo pasatzeko gogoa, haietako inork ez baitzuen ezagutzen zinemagintzaren mundua eta bideokamera zahar bat besterik ez baitzuten eskuetan. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, gazte gehiago eta gehiago batu ziren egitasmora eta film laburra gorpuztu egin zen. Ederki gainera! Orain berriz lotu dira lanera, Inkisizioak erretako haien izenak gogoraraztera. Filma urte amaierarako kaleratzea espero dute, aurten betetzen baita Lapurdiko sorgin-ehiza lazgarri haren laugarren mendeurrena.