Sua eta umorea ardatz dituzten ikuskizunak Hendaian

Sua eta umorea ardatz dituzten ikuskizunak Hendaian Sua, dantza, antzerkia, akrobazia eta musika izango dira nagusi bihartik astelehenera Hendaian. Aldez aurretik erreserbatu beharko da ikuskizunetarako lekua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sua-eta-umorea-ardatz-duten-ikuskizunak-hendaian/@@download/image/shakti.jpg
2021/07/09

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Sua, dantza, antzerkia, akrobazia eta musika izango dira nagusi bihartik astelehenera Hendaian. Aldez aurretik erreserbatu beharko da ikuskizunetarako lekua.
Sua eta umorea ardatz dituzten ikuskizunak Hendaian

Hendaiak uda ospatzen du lelopean, kaleko arte ikuskizunek Hendaiako Bidasoa zelaigunea hartuko dute larunbatetik astelehenera. Euskal Herriko zein nazioarteko musika emanaldi, zirku eta antzerki ikuskizunak izango dira, su koreografia eta umorea ardatz dutenak. 

Bihar, larunbata, hasiko da jaialdia Baldin Bada ikuskizunarekin, 11:30ean. Bidasoa zabaldegian. Zirku, antzerki, musika eta pintura uztartzen ditu ikuskizunak eta margolari eta musikari baten "erokeri eta zentzugabekeriak" ditu ardatz. Galdera hau du muinean: zergatik ez eman gure buruari gure errealitatea nola margotu erabakitzeko aukera? Iluntzean, 20:30ean, Yldor Llach katalanak Sobre Rodes izeneko arte txirringaren inguruko kale ikuskizuna aurkeztuko du toki berean. Gauean, berriz, Cessez Le Feu konpainiak Plato sin plata piroteknia saioa egingo du, 22:30ean. 

Igandean, Trotamundos konpainiak Historias de un baúl eskainiko du, 11:30ean. Bizitzan noraezean dabiltzan bi zirkoko artista ameslariren istorioa kontatzen du eta akrobazia eta antzerkia batzen dituzte. Arratsaldean, 18:00etan, Break In Show ikuskizunaren txanda izango da. Camille Harran, JIP krasker, Carla Geledan eta Maxime Lartigue dira Landetan eta Euskal Herrian sortutako talde hau osatzen duten dantzariak. Taldeak hip-hop, dancehall eta breakdance estiloak uztartzen ditu. Ondoren, 20:30ean, Orchestre Intercommunalen zuzeneko musika izango da; berrogeita hamar bat musikarik osatzen dute Hendaiako eta Donibane Lohizuneko Harmonia. Eguna amaitzeko, 22:30ean, Libellune konpainiakoek Nuita su-ikuskizuna egingo dute. 

Astelehenean hiru emanaldi izango dira jaialdia amaitzeko. Lehenik, Circus Cabaret izango da, 11:30ean, Collectif Tripolaireren eskutik. Bigarrenik, 20:30ean, Nextape konpainiak Neptune7-pamplemousse_51 dantza eta zirko emanaldia eskainiko du. Azkenik, Cie Akoumaren Oxo su-ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute hendaiarrek, 22:30ean. Munduko musikaren mestizajeaz beteriko soinu banda batek janzten du ikuskizuna.

Lekuak mugatuak direnez, aldez aurretik hartu beharko da lekua Hendaiako Turismo Bulegoan. Ikuskizunetan urruntasun soziala beharrezkoa izango da eta baita sei urtetik gorakoek musukoa soinean izatea ere. Hendaiko Turismo eta Merkataritzak antolatzen du jaialdia.