Su ta Gar: "Heavy birziklatuak gara"

Su ta Gar: "Heavy birziklatuak gara" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/su-ta-gar-heavy-birziklatuak-gara/@@download/image/su_ta_gar_01_1385547820.jpg
2013/12/05
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Galder Izagirre
Urriaren 23an aurkeztu zuten ‘Bizirik gaude’ taldearen hamargarren lana, eta harekin batera errepidera itzuli dira, indar izpirik galdu ez duten zuzenekoak eskaintzera.


Xabi Bastida etorri da gure bila A8 autobideko Eibarko lehen irteerara. Berandu goaz, ordu erdi berandu, eta euria ari du gelditu gabe. Haren parean jarri gara, eta autoko leihoa zabaldu bitartean aharrausi egin du. "Aspertuta", erantzun digu zer moduz dagoen galdetu diogunean. Zertarako azalpen gehiago? Gure aurrean jarri eta hiria zeharkatu dugu; aldapan gora igo gara ondoren, taldearen entsegu lokalera. Eta hantxe topatu ditugu Aitor Gorosabel, Galder Arrillaga eta Igor Diez, gure zain.

25 urte bete ditu aurten Su ta Garrek, eta honainoko bidean hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte eibartarrek. Haiek ez ezik, jarraitzaileak eta euskal jendartea ere aldatu egin dira, dezente, gainera, eta 18 urterekin elkarrekin entseatzen hasi ziren mutiko haiek, 90eko hamarkadan areto guztiak betetzen zituzten "mito erotiko" haiek, punta-puntako euskal heavy metala egiten zuten musikari haiek, familia gizon bilakatu dira. Hori bai, beti bezain gogotsu jarraitzen dute, eta sekula baino elkartuago ikusi ditugu argazki kameraren aurren jartzeko eskatu diegunean; gustura ibili dira keinuak egiten, aurpegiak jartzen. Amaitutakoan, ziztu bizian hitz egiten duen taldeko abeslariarekin, Aitorrekin, eseri gara berogailuaren alboan, eta patxadaz, barre artean, hainbatetan serio jarri bada ere, errepasatu dugu taldearen ibilbidea.

Kontaidazu, zer berri dakar diskoak, eta aldiz, Su ta Garri sekula falta ez zaion zer aurkituko dute entzuleek?
Musika eta ahotsa hasten diren unean bertan jakingo dute Su ta Gar entzuten ari direla, betiko esentzia mantentzen baitugu estiloan, baita hitzetan ere. Eta esentzia horri jarraiki, garai berri batean egindako kanta sorta dakarkigu. Disko koloretsua dela esango nuke, freskoa, zuzena… entzuteko oso samurra, pasarte batzuk oso kañeroak badira ere. Betiko moduan, baladaren bat sartu dugu hard rock, heavy metal eta transrockarekin batera. Nahiko bariatua da! Eta hitzei dagokienez kritiko eta aldarrikatzaile izaten jarraitzen dugu, nahi gabe suertatu bada ere, hiru kantetako hitzek krisiarekin eta harekiko ikuspegi ezberdinekin lotura baitute. Horregatik, nahiko disko garaikidea dela esan genezake.

Metal musikaz jantzitako garaian garaiko aldarrikapenak izan ohi dira zuenak.

Bai. Argi dago denetarik egon behar dela: talde aldarrikatzaileak batetik, baina baita beren musikarekin jendeari egunerokotasunetik ihes egiteko aukera ematen diotenak ere. Gu, dena den, euskal rock erredikalaren eta punkaren ondorengoak gara, hortik edan dugu, eta heavy metala egiten dakigu. Azken batean, gure bizipen eta sentsazioak dira, eta musikaren bidez kritiko izan gaitezke, herriaren bozgorailu lana egin eta haien kexak azaleratu, betiere, era positibo batean.

‘Bizirik gaude’ izena jarri diozue diskoari. Beharrezkoa al zen azalpena?
Egia da zalantzak izan genituela, diskoko seigarren kantaren izena baita, langile mugimenduaren ekarpenei erreferentzia egiten dien kantarena; honaino iritsi bagara, haiei esker izan dela adierazi nahi izan dugu, eta borrokan jarraituko dugula. Herria dago bizirik, langileria, herri xumea… boterearen aurrean bizirik. Eta diskoaren azalak ere hori adierazten du, herria irudikatzen duen gaztea eta boterea. Baina tira, norberak egin dezala bere interpretazioa.

Gainera, 25 urteko bidean atseden luzerik hartu ez duen taldea zarete, taldekideetako batzuk aldatu badira ere. Nola lortu duzue jarraikortasun hori?

Bere garian musikaren aldeko apustua egin genuen, gure ogibidea izan zedin, eta gora-beherak izan arren, lortzen ari gara. Galder izan ezik, autobus gidaria baita, eta Igor ere laster lanean hasiko bada ere, Xabi, Borxa –1995era bitarte taldeko beteria jolea izan zen, baina istripu baten ondorioz utzi zituen baketak eta produkzio eta sukalde lanetan dihardu ordutik– eta hirurok honetatik bizi gara esklusiboki, egunerokoan honetan jarduten dugu. Etenaldi bat egin izan bagenu, atsedena hartzeko edota kontua gaizki joango balitzaigu lana topatzeko izango litzateke. Baina ez da halakorik gertatu. Gure ogibidea da, eta horregatik segitzen dugu.

Hain zuzen, lehen kontzertua Ondarroan eman zenuten 1988an, eta geroztik 900 bat eskaini dituzue. Zer aldatu da ordutik hona?

Tira, normala den bezala, gauza batzuk galdu egiten dira urteekin…

Esaterako?
Ilea! –diote barrez Aitorrek eta Galderrek–. Eta horrez gain, energia, inozentzia… Ikuslegoa ere asko aldatu da, garai haietan gu oso gazteak ginenez, jarraitzaileak helduagoak iruditzen zitzaizkigulako; orain, aldiz, haiek dira gazteak. Bestetik, orduan genuen ikasteko grina galdu badugu ere, dakiguna are hobeto, perfektuago egiten saiatzen gara, argi baitugu lehen baino askoz hobeto jo behar dugula, egiten duguna borobildu eta dena zaindu. Egia da material hobea ere badugula, eta horrek ere soinu hobea lortzen laguntzen digula, baina jo ere hobeto egiten dugu, eta hori nabari da. Eta oraindik eszenatokira urduri irteten bagara ere, nik ez baitut urduritasun puntu hori galtzerik lortu, lasaiago hartzen dugu kontua, gauzak patxada gehiagorekin esan… Musika hasten denean ditugun sentsazioak ezagunak zaizkigu, eta errazagoa da guztia.

Zein hiru adjektiborekin definituko zenuke sorrerako Su ta Gar, eta beste zein hirurekin oraingoa?
Indartsuak, oldarkorrak eta inuzenteagoak ginen. Orain aldiz, indartsuak izaten jarraitzen dugu, baina inuzenteak izan beharrean, esperientzia dugu. Eta ez dakit hitz batean nola esan, baina gauzei buelta gehiago ere ematen dizkiegu orain, dena hobeto neurtzen dugu, eta gehiago baloratzen lortu duguna. Garai hartan amets batean ginen, baita orain ere, askotan pentsatzen baitut "Ostia, gitarrista al naiz?", nik ez baitut sekula eskolarik jaso, kaleko eskola baita nirea, eta hala ere jendeak ongi jotzen dudala uste du. Eta amets horretan murgildurik jarraitzen dugun arren, balio gehiago ematen diogu orain.

Arestian esan duzun bezala, ‘look’a ere aldatu duzue!
–Barrez– Bai, orain heavy birziklatuak gara. Baina badakizu, denborak eta geneek ez dute barkatzen, eta horren kontra ezin da ezer egin. Animaliak gara eta datorrena hartu behar dugu. Eta egia da nik ilearekin etapa traumatiko bat igaro dudala, baina denbora igarotzen da eta... Ilea moztea, bai Xabi eta baita niretzat ere, berak atzeko aldean txurroak mantentzen baditu ere eta zoragarri dagoen arren, onerako izan dela esango nuke. Soilago nago, baina hala ere lasai, eta txapela ere gero eta gutxiago erabiltzen dut. Looka eta burua, biak garbitu ditut!

"Nire lanagatik gazteekin etengabe egotea egokitzen zait, eta horrek asko gaztetzen nau. Kanpotik igartzen dut zahartzen ari naizela, baina barrutik beste gauza bat da". Orain bost urte zuk zeuk esandakoa da. Nola sentitzen zarete orain?
Gazte! Nik, esaterako, ezin dut beste era batera jantzi, ez dut nire burua beste arropa batzuekin imajinatzen, ezta ezkontza batean gorbatarekin ere. Horiek nagusien kontuak dira! Musikak gaztetasuna ematen digu, eta 43 urterekin mende erdirantz hurbiltzen ari banaiz ere, ez naiz horretaz gehiegirik jabetzen. Askotan, erdi lo nagoela, pentsatzen dut "Zenbat urte ditut, 28? A ez, 34! 34? Ez, 39 agian… 43 urte!" –asko markatu ditu hitzak–. Eta ez dut sinisten, denbora burua baino azkarrago joaten delako. Egia da pertsona heldua sentitzen naizela, eta gustura nagoela nire adinekoekin, baina baita gazteagoekin ere, eta hori rock-and-rollak ematen dit, gaztetu egiten nau.

Taldearen urte indartsuenetan, jarraitzaileen artean asko ziren neska nerabeak. Nortzuk joaten dira orain kontzertuetara?
Egia da bai garai hartan neska gazte ugari izaten genituela… gure gaztetasuna tarteko, erakarpen sexualak edo edertasunak erakarriko zituen agian, baina egun ere neska gazte asko izaten dira taularen beheko aldean, eta horietako batzuek oraindik fisikoki ongi ikusiko gaituzten arren, uste dut egun beste zerbait transmititzen diegula. Plazetan jotzen dugunean, esaterako, oso publiko zabala dugu: orain helduagoak diren orduko jarraitzaileak, eta zorionez, baita gaztetxoak ere. Badakigu azken horiek ez gaituztela sex symbol moduan ikusten, baina beren guraso edo lehengusu zaharragoekin identifikatu eta haiek bezalakoak garela pentsatzen dute, baina rockeroagoak. Noski, 15-16 urte artekoez ari naiz. Dena den, hogeita dezente urte inguruko gazteak, aipaturiko gaztetxo horien gurasoak, eta kasuren batean, aitonaren bat edo beste ere etortzen dira gure kontzertuetara!

Zein harreman mantentzen duzue haiekin? Teknologia berriak baliatzen al dituzue jarraitzaileekin hartu-emanak izateko?
Bai, Sarearena derrigorrezko kontua izan da. Izan ere, teknologia berriei dagokienez, beti atzetik joan gara: telefono mugikorrekin, ordenagailu eramangarriekin… Baina sistemaren parte dira, eta sistemak berak horiek erabiltzera behartzen zaitu. Egun sare sozialetan ez bazaude eta web orrialderik ez baduzu, ez zara existitzen. Eta kosta egin zitzaigun denda digitala egitea, distribuzio digitala antolatzea… ez baitago halakoen inguruko azalpenik eskuragarri, eta profesionalekin kontaktuan jartzen ez bazara, oso zaila da norberak egitea. Zenbait kasutan baita profesionalekin eginda ere. Baina tira, taldearen web orria eta Facebook-a egin genituen, eta dezente elikatzen ditugu, bereziki azken hori eta Twitter-a. Niri ez zait gehiegi gustatzen haien mende egotea, baina aldi berean jarraitzaileen sentsazioak zuzenean jasotzen dituzu, eta hori asko eskertzen da. Kontzertuek izandako jarraipena eta bertan zeudenen hitzak lehen eskutik jasotzea oso polita da.

Ziurrenik, edozein zaleri Su ta Garren kanta bat aipatzeko eskatuta, "Mari", "Jo ta Ke" edota "Haika mutil" botako lituzke. Ondorengo bederatzi diskoetan horrelako "himno"rik sortu ez izanak, zer pentsatu ematen al dizue?

Tira, horiek kontzertuetatik kendu ezin diren kantak direla esango nuke, nahiz eta Haika mutil kanpoan geratu izan den. Baina Rotaflexa garrasika, Itxaropena edota Gau iluna askotan eskatzen dizkigute, eta egia da bereziak direla. Dena den, azken diskoetako kantak jotzen hasten garenean ere, horren ezagunak izan ez arren, jendea zoratzen hasten da, eta hori oso ona da. Ikusleek eskertzen dituzte. Eta Zure baitan bezalako abestiek gure estiloarekin erabat bat egiten ez duten arren, etorkizunean eskatuko dizkigutela uste dut.

Hain zuzen, zaleek asko estimatu izan dituzten baladak ere egin dituzue, ‘Itxaropena’, ‘Hitz margotuak’ edota ‘Zure albotik urrun banago’ adibidez. Ez zarete ba funtsean erromantiko hutsak izango?
Bai, beno, uste dut heavy metalaren estereotipoen baitan sartzen den zerbait dela indarraz gain zera goxo hori edukitzearena. Lehen diskoan hasi ginen baladak egiten, eta orain pasarte akustikorik gabeko diskoa aspergarria iruditzen zait, kontraste hori beharrezkoa delako. Baina kuriosoena da horiek guztiak ez direla baladak, Zure albotik urrun banago runba bat da, eta jendeari ikaragarri gustatzen zaio. Horregatik, metal kutsua galdu gabe abanikoa zabaltzen saiatzen gara, izan ere, pop ukitudun kanta bada, baina niri asko gustatzen bazait, zergatik ez dut diskoan sartuko? Norbera mugak jartzen hasten bada jendeak esango duenaren beldur, akabo! Hori bai, ondoren zera gertatzen zaigu, heavyentzat ez garela horren heavyak, eta gainerakoentzat heavyegiak garela! Zer egingo diogu ba? Gure izaera dugu, eta leku zehatz batean egon gabe, guztietan gaude.

Azkenaldian modan jarri da atzerriko ekoizle ospetsuekin diskoa grabatzea, nahasketak egitea… Zuek aldiz, etxean geratu eta Esan Ozenki eta GOR diskoetxeekin aritu ostean, azken bi diskoak zuek ekoitzi dituzue. Zergatik? Zer ondorio du horrek?
Zergatik? Etxean grabatzea baino hoberik ez dagoelako. Eta denborarekin, gainera, nagikeria eta baita beldur puntu bat ere ematen digu kanpora joateak. Ezagutzen ez dugun norbaitekin hastea, eta berak zer egin eta zer ez esatea… niri ez dit inork esango gauzak nola egin! Eta auto-ekoizpenarekin ere horregatik hasi ginen, gure gauzen gaineko erabaki guztiak hartu nahi genituelako. Merkatuak baldintza dezente jartzen ditu, eta hark du azken hitza, guri gustatu ala ez. Eta gainera, ez dut kanpora joan eta profesional batek gure lana borobiltzeko beharrik sentitzen. Beharbada produkzio mailan bai, zer edo zer probatzea gustatuko litzaiguke, baina ez dakit… Aitor Ariño etxean dugu, oso ongi ezagutzen dugu elkar, eta azken diskoa primeran dago. Zertarako joan atzerrira? 25-30 urte izango bagenitu, familiarik ez, izpiritu ekintzailea, tira, agian gogoz egongo ginateke. Baina Lorentzo Records nire etxetik zortzi minutura dago!

Lizentziei dagokienez, baina, lizentzia libreak baliatu beharrean, eskubide guztiak zuentzat gorde dituzue.
Bai… Noski, guri gustatuko litzaigukeena SGAE euskaldun batekin lan egitea da, bai baitakigu espainiar estatuan diru asko sortzen duela elkarte horrek. Baina era berean uste dugu jendeak gure musika bere beharretarako erabiltzen badu, eskubide batzuk ordaintzea ezinbestekoa dela. Eta adi, ni ez nago gauzak Sarean doan zabaltzearen aurka. Baina guztia doakoa bada eta Interneten dena doan zabaldu behar dela uste badugu, azkenean multinazionalak elikatzen amaituko dugu, Telefonica eta Sareko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa handi horiek elikatzen. Eta hasteko, Sarea ez da doakoa, eta bigarrenik, Interneteko atari guztiak publizitatez josita daude, eta zure edukiak bertan jartzeagatik irabaziak ateratzen dituzte haiek, berauetan publizitatea sartuz. Aberasten ari dira. Gure kantak jabego intelektualaren legeak babesten ditu, eta uste dugu gure lanagatik ordainetan zerbait jasotzea ez dela asko eskatzea, hare gehiago gure kontura beste batzuek dirua egiten dutela kontuan hartuz.

[Xabi inguruan dabil, eta elkarrizketa entzundakoan, hurbildu eta solasean hasi da].

Xabi: Gu ez gaude sistema kapitalistaren alde, baina uste dugu Interneten erabilera ezegoki batek eraman gaituela kultura kontsumitzea doakoa dela pentsatzera. Baina ez du zentzurik okela eta patatak doakoak izateak, ezta? Hori bai, doakoak balira denok hartuko genituzke, eta ni lehena! Baina jendeak kultura doan eskuratzeko aukera izan duenez, orain kontuari buelta eman eta "Dohainik izan behar da!" dio.

Aitor: Eta hala ere ez da doakoa! Doakoa da ordenagailua duzunean, ADSL konexioa, hilabeteko tarifa… Eta gainera, ez musikaria ezta musika industria ere ez dira horretatik bizi, komunikazioaren alorreko multinazionalak baizik. Industria diskografikoak, zinemarenak… guztiek behera egin dute horregatik!

Baina era berean, zuen helburua ez omen da disko gehiago saltzea, jende gehiagorengana heltzea baizik. Gaur egun, utopiko samarra irudituko zaio bati baino gehiagori.
Tira, Sarean eskaintzen dugu gure kantak merke eskuratzeko aukera... Eta bestetik, kontuan izan behar dugu Internet informazioz gainezka dagoela, eta ezin zarela leku guztietara heldu. Horregatik, orain arte salbuespena izan bada ere, Gara egunkariarekin batera disko berria eskuratzeko aukera jarri dugu aurten. Ez pentsa horrekin irabazi askorik ateratzen dugunik, baina gutxienez jendeak diskoa nahiko merke lortzen du, eta hori Saretik jaistea baino hobea dela deritzogu.

Aspaldiko kontua da disko salmenten jaitsierarena, eta jakin badakigu Sareak horretan eragin handia izan duela. Baina beste arrazoiren bat ere egongo da, ezta, zerk eragin du gainbehera beldurgarri hori?

Argi dago musika kontsumitzeko modua asko aldatu dela, informazio askoz gehiago lortzeko kapaz garela, eta jendea noraezean dabilela. Lehen disko bat hartu eta ikaragarri mimatzen zenuen, gauza handia zen diskoa. Orain, ordea, jendeak kanta solteak bilatzen ditu, eta uste dut industria diskografikoak ez duela teknologiaren abiadurara egokitzerik lortu. Formula ezberdinak probatzen ari dira, hala nola, distribuzio digitala, baina ez da jende guztiarengana heldu. Gauzek ez dute lehen zuten balio bera. Baina tira, ezin gara kexatu: gure diskoen salmentak egonkortu egin dira. Gainbehera etorri zen orain urte batzuk, baina ondoren mantendu egin gara. Hartzaile fidelak ditugula esango nuke, eta ahoz aho gomendatu dutela diskoa. Edo hori uste dugu behintzat! Dena den, CDak erostea gero eta zailagoa da, dendak isten ari dira, supermerkatu handietan ere musikari eskainitako atala txikiagoa da… eta gure diskoa erostera Donostiara edo Bilbora joan behar da!

Gaiz aldatuz, Euskal Herritik kanpo zentsuratuak izan zarete zenbaitetan. Nola dago egoera orain, lasaitu dela esango zenukete, ala arazo berdinekin jarraitzen duzue?
Dezente lasaitu da kontua. Hamar urte igaro genituen Madrilen jo gabe, eta duela bi urte itzuli ginenetik hirugarren kontzertua eskaini genuen azaroan. Aretoko jabeak Poliziaren ustezko dei bat jaso zuela esan zigun arren, arazorik gabe aritu ginen. Nik ez dakit halakoak sinistu ala ez… Egia da lehen beldur gehiago sartzen zietela, mehatxatu egiten baitzituzten, lokala itxiko zietela eta abar, baina orain ez dute halako erraztasunik, zigorgabetasunik. Estrasburgoko Auzitegiak Parot Doktrinaren auzian hartu duen erabakiaren ostean ikusi dute legeak ere euren aurka egin dezakeela, egiten duten guztia ez dagoela babestuta, eta horrek isildu egin ditu.

Amaitzeko, orduan, esadazue zuen diskografia osoko zein kantarekin zabalduko zenuketen kontzertu berezi bat, eta zeinekin amaitu?
–Isiltasuna, pentsatu bitartean–. Haika mutilekin hasiko nintzateke ni, baina oso zaila da, lehenengo minutuan bateria erreko genukeelako. Eta amaitzeko Rotaflexa garrasika.

Su ta Garren Kuttunak


Biran zaretenean furgonetan hutsik egiten ez duen diskoa: Alokairuko furgonetetan oso gaizki entzuten da musika, baina garai batean Pantera eta Annihilator eraman genituen. Eta azken oporraldian Queen entzun dugu.

Eta zuen jarraitzaileek pentsatuko ez luketen baina gustuko duzuen taldea:
Asko, Ruper Ordorika bera, edo Robbie Williams, Alejandro Sanz…

Elkarrekin ikusi duzuen pelikula: Pulp Fiction (Quentin Tarantino, 1994) kontzertu baten aurreko probatik emanaldira bitarteko tarte horretan ikusi genuen, denbora dezente izan genuelako.

Eszenatokira atera aurretik… Elkarri animoak ematen dizkiogu, besarkatu… Baina oro har lasai egoten gara.

Kontzertu baten ostean… Instrumentuak batu behar izaten ditugu. Baina azkenaldian ikusleengana jaisten gara argazki batzuk atera eta sinatzera.

Ez duzue ahaztuko… EH Sukarra taldearekin 1993an egin genuen bira, Borxaren kontzertua… uff, oso zaila da bat aukeratzea!