Stuttgart: din dan don, din dan don...

Stuttgart: din dan don, din dan don... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/stuttgart-din-dan-don-din-dan-don/@@download/image/4p30-2.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Goretti Prieto


Gabonak atzean utzi ditugu ia-ia. Baina, tira, beharbada jakin nahi duzue nola igarotzen dituzten alemaniarrek gabonak, hamaika hilabete barru bidaiatxoa egiteko...
Gabonzaloentzat ez da Alemania baino paradisu hoberik. Euskal Herri alde horretan gabon garaiaren etorrerari kaleetan zehar gaztain erre usaina zabaltzen denean atzematen diogu aurrenekoz, baina Santo Tomasetako txistorra eta sagardoa dira, nolabait, benetako atari.
Paraje hauetan, berriz, azaro bukaeran jada lehen gabon aztarnak somatzen hasten dira: argi dizdiratsuak, pakete txukunekin apainduriko lehen pinuak eskaparate eta herrietako kaleetan... Hemengo tradizioan abendua ospatzen da eta etxeetan egutegi bitxiak zintzilikatzen dira; egutegi horietan egun bakoitza txokolatezko kutixi batekin saritzen da.
Mokofinen gozamenerako egunak iritsi artean, plazetan gabonetako azokak antolatzen dira. Bertan zahar eta gazteak txosnaz txosna ibiltzen dira, jaki tipikoak eta gozoki zoragarrienak dastatuz edota, hotza uxatzeko, ardo beltz beroa katilu batekin barrena alaituz.
Txikienen pozerako, gainera, Alemanian abenduaren 6an San Nikolas eguna ospatzen da. San Nikolas gure Olentzeroren parekoa litzateke eta bere egunean, opari txikiak uzten ditu etxeetan, umeen irrika apur bat baretzeko.