Stuart MacDonald-en 'Argazkilari baten soinuak' erakusketa jarri dute Gasteizen
Stuart MacDonald-en Argazkilari baten soinuak erakusketa bi espaziotan kokatuta dago: Amarika Aretoa eta Ignacio Aldecoa Kultura Etxea. Ez da kasualitatea ekainean zabaldu izana erakusketa, "musika sentitzeko, zentzu guztiekin, lurraldean kultura eta musikarako oso bereziak diren hilabeteetan".
Amarika Aretoan formatu handiko hamar argazki daude, egilearentzat oso bereziak diren bost artistenak. Ekainaren 25era arte egongo da ikusgai. Kultura Etxean, berriz, berrogeita hamar argazki bildu dituzte, Azkena Rock eta Jazz Jaialdia gaitzat dituztenak, eta uztailaren 31ra arte egongo da zabalik.

Stuart MacDonald, Gasteizen bizi den eskoziarra, hamar urte ingururekin hasi zen argazkiak ateratzen, eta azken 25 urteetan bere bi pasio handiak, argazkigintza eta musika, uztartu ahal izan ditu. MusicSnapper izenez ere ezaguna da, eta hainbat jaialditako argazkilari ofiziala izan da, besteak beste, Azkena Rock, BBK Live eta Arabako Antzinako Musika Astea. Hell Dorado, Jimmy Jazz eta Kultura Bizia aretoetako argazkilaria ere bada.
Erakusketa bikoitzaz gain, The Bröntes taldearen kontzertua izango da bihar, hilak 14, 19:30ean, Kultura Etxeko zama nasan.
