'Streaming' plataformetan euskarak izan beharko lukeen tokiaz hausnartzeko jardunaldia egingo dute Iruñean

Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak jardunaldia antolatu dute euskarak streaming plataformetan izan beharko lukeen lekuaren inguruan gogoeta egiteko, "gaur egun ikus-entzunezkoen arloa estrategikoa baita gure hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan".
Streaming plataformei erreparatuko diete jardunaldian, eta legediak eta gizartearen egoerak aurrean jarritako erronka eta zailtasunak izango dituzte hizpide. Bestetik, Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren azterketa egingo dute, euskaratik abiatuta. Gainera, Kataluniako Kultura Enpresen Institutuko hizkuntza politikak (ICEC) eta Filmin.cat plataformako esperientziak azalduko dira.
Arlo horretako profesional, komunikabide eta adituek hartuko dute parte: Jon Artatxo Aurtenetxe (IBAIA - Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea); Alex Aginagalde Lopez (Pantailak euskaraz); Urtzi Urkizu Adrian (Berria); Francisco Vargas Echeverría (ICEC - Institut Català de les Empreses Culturals); Jaume Ripoll Vaquer (Filmin.cat); Maite Goñi Eizmendi (ETB); Xabier Alkiza San Marcelo (Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea); Gaizka Aranguren Urroz (NAPAR – Ikus-entzunezkoen Ekoizpen Naparra); Eki Pagoaga (Kanaldude) eta Iban Arantzabal Arrieta (Tokikom).
Izen-ematea maiatzaren 2a baino lehenago egin behar da esteka honetan, 948223471 telefono zenbakira deituta, edo nafarroaordez@euskaltzaindia.eus helbidera idatzita.