Streamerren erronka arriskutsuen joera

Streamerren erronka arriskutsuen joera Dirua irabazi ahal izateko egiten diren erronkek eragin handia dute streamerren osasunean, eta kasu batzuetan heriotza ere eragin dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/streamerren-erronka-arriskutsuen-joera/@@download/image/pexels-rdne-7915379.jpg
2026/01/19

Testua: Maitane Legarreta

Dirua irabazi ahal izateko egiten diren erronkek eragin handia dute streamerren osasunean, eta kasu batzuetan heriotza ere eragin dute.
Streamerren erronka arriskutsuen joera

37 urteko Sergio Jimenez streamer katalana hilik topatu zuten joan den abenduaren 31n, webcama piztuta eta online jarraitzaileak begira zituela. Aurrez whisky eta kokaina kopuru handiak kontsumitu zituen erronka bat zela medio. Gertakari honek zuzeneko edukien inguruko arreta eta kezka piztu du.

Jimenezen ikusleek whisky botila eta sei gramo kokaina ordaindu zioten, eta guztia hiru ordu baino gutxiagoan kontsumitzea zen egin zioten erronka. Haren heriotza ikertzen ari dira delitua izan litekeelakoan eta heriotza gaindosiagatik izan zen aztertzen ari dira forentseak.

Simon Perez streamerrari leporatu diote gertakari lazgarri honen arduraren zati bat. 2017an egin zen ezagun Perez, garai hartan grabatu zuten bideo bat biral egindakoan. Irakaslea zen orduan, eta higiezinen aholkularia zen Silvia Charrorekin batera, hipoteka finko eta aldakorren inguruko bideo dibulgatzailea egiteko asmoa zuten. Kontua da, ordea, drogen eraginpean zeuden itxuran agertu zirela eta horrek sortu zuen zalapartak haien lanbidean eragina izan zuen. Ordutik, zuzeneko emisioak egiten dituzte eta osasunarentzat kaltegarriak diren erronka biralei erantzuten diete.

Gero eta gehiago dira, dirua irabazte aldera halako erronkak egiten dituztenak, eta bide honi jarraiki, Perezen eskutik hasi zen hil berri den Sergio Jimenez ere. Antza denez, haiengandik hartu zituen bere kanala sortzeko ideiak, eta zuzeneko batzuk ere partekatu zituzten elkarrekin.

Dena den, beste batzuengan ere jarri dute arreta eta ardura: ikusleak. Halakoen ikusleak streamerrek droga nola kontsumitzen duten  begira aritzen dira, haei erronkak proposatuz eta era guztietako iruzkinak eginez. Batzuek YouTubeko laburpenak ikusi eta iruzkinak egiten dituzte, baina badira bideo-dei pribatuetara sarbidea izateko dirua ordaintzen dutenak, erronka arriskutsu horiek zuzenean ikusi ahal izateko. Erronketan erabiltzeko droga ere erosi ohi diete ikusle batzuek.

Giro horretan jarrera kaltegarriak dituen komunitatea sortzen da, eta krudelkeria, iraina edo mespretxua sustatzen da sarritan. Inork ez du bertan gertatzen dena kontrolatzen edo zaintzen, eta dena libre izan daiteke. Hori dela eta, bertan daudenen heziketak eta jarrerak baldintzatzen du guztia.

Erronka hauen arriskuek eta ondorioek zer pentsatua eman beharko lukete, eta gai honen inguruko pedagogia egiteko premia ere agerikoa da.