Stephen King: beldurra liburuetan, izua filmetan

Stephen King: beldurra liburuetan, izua filmetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/stephen-king-beldurra-liburuetan-izua-filmetan/@@download/image/87p53kultaza_1363300454.jpg
2008/07/04
erreportajea
Testua: Gontzal Agote
Beldurgarria da Stephen King. Haren itxura ez da batere lagunkoia, betaurreko potoloen atzean ezkutatutako begi ilunek barne ekaitza etengabea adierazten dute eta. Baina, batez ere, bere liburuek ematen dute beldurra. baita bere liburuetan oinarritutako filmek. Ekainean The Mist filma heldu zen zine aretoetara, King jaunaren irudimenetik zeluloidera salto egindako azken pentsamendu gaiztoa. Horrelako asko izan dira zinemaren historian.    

Azken hamarkadetan, beldurraren erregea izan da Stephen King. Datuek bere alde egiten dute erabat: milioika liburu saldu ditu ezin konta lan argitara eman dituen idazle mediatiko eta misteriotsuak. Zinemagintzak ere harreman estua izan du bere obrarekin, eta Kingen nobela asko egokitu egin dituzte pantaila handirako. Film horietako batzuk terrore klasikoaren barruan daude jada; baina gehienak, ordea, hala-moduzko filmak izan dira. Idazleak berak film bat zuzendu zuen 1986. urtean: Maximum overdrive.

Kingen narrazio bat pantailara eramaten azkena Frank Darabont izan da. Zuzendari estatubatuarrak The mist estreinatu zuen ekainean. Ez da horrelako zerbait egiten duen lehen aldia. Frank Darabounten orain arteko film arrakastatsuena —1994ko The shawshank redemption— Kingen narrazio batean oinarrituta zegoen. Bost urte geroago, 1999an, Kingengana itzuli zen Darabont, The green mile arrakastatsua egiteko.

Bildumatxo bat egin nahi izan dugu Stephen Kingen eta zinemaren arteko harremanak emandako alerik politenekin. Bost film giltzarri aukeratu ditugu, baina, esan bezala, ez dira Kingen obretan oinarrituta egindako bakarrak, zerrenda ia amaigabea baita: Creepshow (George A. Romero, 1982); Children of the corn (Fritz Wiersch, 1984); Stand by me (Rob Reiner, 1986); Pet Sematary (Mary Lambert, 1989); Dolores Claiborne (Taylor Hackford, 1995), Dreamcatcher (Lawrence Kasdan, 2003); 1408 (Mikael Hafström, 2007)… eta beste asko. Gozatu aukeraketarekin!

Carrie (Brian de Palma, 1976)



70eko hamarkadan ez zen oraindik bullying hitza erabiltzen ikastetxeetan gertatutako tratu txarrez aritzeko, baina film honetan, bete-betean heltzen zaio arazo horri. Sissy Spacek aktorea odoletan blai ikusi duenak nekez ahaztuko du Brian de Palma zuzendariak Stephen Kingen eleberririk arrakastatsuenetako batean oinarrituta egindako filma. Carrie (Sissy Spacek) amarekin bizi den nerabe lotsatia da. Carrieri hilekoa lehen aldiz etorriko zaio, eta horren kontura, klasekideek txantxa itsusi bat egin nahiko diote. Carriek ezkutuko botereak ditu, baina.


The shining (Stanley Kubrick, 1980)



Estreinatu zenean, kritikariek gogor egurtu zuten Stanley Kubrick zuzendaria; eta Stephen Kingi berari filma ez zitzaion batere gustatu. Urteak pasatu dira, eta denborak gauzak dagozkien tokian jarri ditu: inoiz egindako film beldurgarrienetakoa da honakoa. Jack Nicholson bere saltsan dago, hotel batean familiarekin dagoen Jack Torrance idazle eroarena egiten. “Redrum, redrum…”.

The Dead Zone (David Cronenberg, 1983)



David Cronenberg zuzendariak ezin egokiagoa dirudi Kingen obsesioak zinemara eramateko. Film honekin egin zuen saioa. Cronenberg jaunak AEBetan egindako lehen lana izan zen, eta bere film onena ez den arren, tentsio ikaragarria du. Bost urte koman eman ostean, irakasle gazte bat bere onera etorriko da eta botere paranormalak dituela deskubrituko du. Orduan, poliziak laguntza eskatuko dio.

Christine (John Carpenter, 1983)



Beldurrezko generoan eskarmentua du John Carpenter zuzendariak, eta behin baino gehiagotan erabili izan du Kingek sortutako materiala. Film hau da bien arteko elkarlanak emandako fruiturik biribilena. Christine ez da emakume baten izena, bere kabuz ari den auto zahar batena baizik. Argiak piztuko ditu, eta akabo lasaitasuna!

Misery (Rob Reiner, 1990)



Autobiografia kutsua dute filmak eta izenburu bereko liburuak. Jarraitzaile sutsu batek bere idazle kutuna bahituko du, eta gustuko pertsonaiaren liburu berria idaztera behartuko du. Bitartean, tortura krudelak jasanen ditu idazleak. Oscar saria jaso zuen Kathy Bathes aktoreak.