Stax diskoetxea, zuria beltzez

Stax diskoetxea, zuria beltzez https://www.gaztezulo.eus/albisteak/stax-diskoetxea-zuria-beltzez/@@download/image/88p54ottis_1363297016.jpg
2008/09/05
erreportajea
Testua: Aritz Sound System
Stax diskoetxea, zuria beltzez
Stax diskoetxea ezinbestekoa da musika beltzaren historia ulertzeko. Duela berrogeita hamar urte, AEBetan beltz eta zurien arteko banaketa legez arautua zegoenean, Stax-ek arrazen arteko mugak hautsi zituen eta XX. mendeko musika zoragarriena eskaini zigun: Otis Redding, Carla Thomas, Isaac Hayes, Sam and Dave… soul melodia ederrenak ezagutu nahi badituzu, Stax da zure diskoetxea.    

Esklabutzaren garaitik, bluesa eta gospela izan ziren AEBetako beltz afroamerikarren musikak. Bluesa sufrimenduaren ahotsa zen, eta gospela, fededunen itxaropena. Biak beltzen musikak ziren, ez zurienak. Pixkanaka, musika-tresnen erabilerak estilo hauen garapena eragin zuen, eta jazza eta rhythm & bluesa sortu ziren.

50eko hamarkadan, Ray Charles eta Sam Cooke musikariek pauso berria eman zuten estilo horien garapenean. Hasieran, Ray Charlesek kopiatu egin zuen Nat King Colen abesteko era, baina denborarekin, jazza, bluesa, eta gospela nahasten hasi zen. Sam Cooke ere Charlesen bide beretik hasi zen, gospela eta beste estiloak nahastuz. Esperimentazio haien ondorioz, Charlesek eta Cookek soularen oinarriak jarri zituzten:  hazia ereinda zegoen.

Garai hartako abeslari gehienek ez bezala, Cookek bere kantak konposatzen zituen, eta ez zen kikiltzen diskoetxeekin negoziatzerakoan:  gogor defendatzen zituen bere abestien egile-eskubideak, eta ez zuen kontzerturik ematen zuri eta beltzen arteko diskriminazioa bultzatzen zuten aretoetan. Jarrera horrek arazo asko ekarri zizkion Cookeri, baina, era berean, komunitate beltzaren begirunea irabazi zuen.

Eskubide zibilen alde

Soula jaio berritan, olatu indartsu hura ezagutaraziko zuten bozgoragailuak falta ziren. Hain justu, funtzio hori bete zuten Motown eta Stax zigiluek. Stax-en urrezko aroak bat egin zuen beltzen eskubide zibilen aldeko borrokarekin: 60eko hamarkadaz ari gara; AEBtako estatuetan (hegoaldean, bereziki) giroa gori-gori zegoen.

Estatu askotan, Jim Crow legea zegoen indarrean. Jim Crow legeak derrigortu egiten zituen afroamerikarrak eskola, jatetxe, taberna, komun, garraiobide, etab. berezituak erabiltzera, eta debekatu egiten zien zurientzako lekuetara sartzea. Arrazakeria egoera honek tentsio handia sortzen zuen bi komunitateen artean, eta iskanbilak ugari ziren. Testuinguru latz hartan, musika beltzak kate asko apurtzen lagundu zuen, eta ezinbesteko tresna izan zen beltzen eskubideen aldarrikapenerako.

Zuriak eta beltzak, bat eginik

Jim Stewartek, sortu zuen Stax zigilua. Stewart zuria zen, eta hemezortzi urte zituela heldu zen Menphis hirira. Kaukasiar familia bateko semea, Tenessen eman zuen gaztaroa, eta country zaletu amorratu zen. 1958an, Satellite diskoetxea sortu zuen Estelle ahizparen laguntzaz.

Hasieran, stewartarrek country eta rockabilly abestiak grabatu zituzten, baina uste baino lehenago, musika beltzak erabat harrapatu zuen Satellite diskoetxea. Batetik, Rufus Thomasen kanta batek izandako arrakasta ikusita, stewartarrek musika afroamerikarrean mugiltzea erabaki zuten. Bestetik, Mar-Keys, Satellite diskoetxearen estudioko taldeak,  musika beltzarako joera handia zuen. Mar-Keys musikari zuriez osatuta zegoen, baina musikari zuri haiek musika beltzaz maiteminduta zeuden.

Diskoetxearen izenari ere azkar etorri zitzaion aldaketa. Satellitekoek arazoak izan zituzten izen bera zuen beste diskoetxe batekin, eta izena aldatzea erabaki zuten: orduntxe jaio zen Stax. Stewart eta Axton abizenen nahasketa da Stax (Axton zen Estelle Stewarten senarraren abizena).

Urrezko aroa

Stax berriaren lehen kanta arrakastatsua Carla Thomasen Gee Whiz izan zen. Hortik aurrera, gospel ukituko abeslariekin lanean hasi ziren, eta horien artean zegoen Otis Redding, diskoetxeko izar handiena bilakatuko zena.

Otis Redding kasualitatez iritsi zen Staxera. Lagun gitarrista batek entzunaldi batera eraman zuen, eta azkenean, kanta bat grabatzen amaitu zuen. Handik aurrera, kanta arrakastatsu asko grabatu zituen Stax diskoetxearentzat. Reddind izan zen entzulego zuriaren arreta erakarri zuen lehen soul abeslaria, baina urte haietan, Sam and Save bikoteak ere kanta arrakastatsu asko grabatu zituen. Konturatzerako, Stax zigiluak soinu propioa zuen.

Esan bezala, diskoetxeko estudioko musikariek zeresan handia izan zuten soinu berriaren sorreran. Hasierako Mar-keys taldeko bi partaide musikari afroamerikarrekin elkartu ziren, eta Booker T & the MG´s taldea osatu zuten. 1962a zen: Stax diskoetxea sutan zegoen.

Urteek ematen duten distantziaz begiratuta, gaur egun, ez dago zalantzarik: zurien eta beltzen arteko elkarlanak eragin zuen uholde hura: Stax-en musikari zuriek eta beltzek elkarrekin lan egiten zuten, eta Stax izan zen, zuzendaritzan beltz bat izan zuen AEBtako lehen enpresa garrantzitsua.

1967ra arte, Stax-ek bata bestearen atzetik kateatu zituen kanta arrakastatsuak, eta arrakasta horrek Europara eraman zituen diskoetxeko abeslari asko: Carla Thomas, Otis Redding, Sam and Dave eta Eddie Floyd Eskozia, Gales eta Ingalaterran aritu ziren 1967an Booket T & The MG´s taldearen laguntzaz.

Azken urteak

Baina 1967a ez zen ondo amaitu. Abenduaren 10ean, Otis Reding hil egin zen hegazkin istripuz, eta Otisen heriotzak Stax zigiluaren gainbehera ekarri zuen. Hori gutxi balitz, abendu hartan bertan, Warner Brothers boteretsuak Atlantic banatzailea erosi zuen (eta horrekin batera, Stax-en katalogo osoa).

Eta heldu zen 1968a ere. Beltzen eskubide zibilen aldeko mugimendua gori-gori zegoela, apirilaren 4an, Martin Luther King erail zuten. Stax-eko abeslariek giza eskubideen aldeko jarrera hartu zuten, eta erreferentzia bihurtu ziren komunitate afroamerikarrean. Adibidez, Staple Singers taldeak Martin Luther Kingen mezuak musikatu zituen. Jhonny Taylor abeslariak ere oihartzun handia izan zuen garai hartan.

1972an, Stax zigiluak akordioa lortu zuen CBSrekin, baina akordio hark kalte handia egin zion zigiluari. Handik lau urtetara, 1976an, Stax-ek ateak itxi zituen, eta 1981ean, grabazio estudioa saldu zioten elizari dolar baten truke.

Zurrumurruen arabera, Stax zigilua berriro martxan jartzeko asmotan dabiltza gaur egun. Concord Music Group diskoetxeak, musika berria kaleratzeko asmoa omen du Stax-en zigilua erabiliz. Bestalde, grabazio zaharrak berreskuratzeko asmoa omen dute, edizio berrietan kaleratzeko. Stax berpiztear? Albiste ona litzateke...

Shaft, detektibe beltza



Joan den abuztuaren 10ean, Isaac Hayes musikaria hil zen. Hayes Stax-eko musikari garrantzitsuenetako bat izan zen, eta 1971n erabateko arrakasta lortu zuen Shaft filmerako konposatutako soinu bandarekin. Soinu banda hari esker, Hayesek Oscar saria eta bi Grammy irabazi zituen.

Shaft pelikulak arrakasta itzela izan zuen AEBetan, eta urteekin, blaxpotation jeneroaren harribitxietako bat bihurtu da. Gordon Parks-ek zuzendutako filmak 60-70eko hamarkadetan AEBetan arnastu zitekeen giroa islatzen du: Shaft detektibe beltz lotsagabe eta harroa da, eta Harlem auzoko pantera beltzak ditu lankide. Funk musikaz lagunduta, Shaftek barre egiten du zurien kontura, eta ez da erraz kikiltzekoa. Richard Roundtree aktoreak jokatutako pertsonaia erreferentzia handia bihurtu zen mundu osoko beltzentzat. 

HAMAR EZINBESTEKOAK


Aukeraketa hau Concord diskoetxeak 2007an kaleratutako Stax-en bildumetan oinarritua dago. On egin!

“GEE WHIZ” CARLA THOMAS (Atlantic, 1994)



Carla Thomasen kantu arrakastatsuenak jasotzen dituen bilduma (Gee Whiz, adibidez). Soul balada goxoak.

“DICTIONARY OF SOUL” OTIS REDDING (Stax, 1966)



Otis Reddingen bilduma asko daude, baina disko hau ezinbestekoa da.

“HOLD ON, IM COMIN” SAM AND DAVE (Stax, 1966)



Bikotearen kanta ezagunena jasotzen duen disko aparta. Ahots joko ederrak, alaiak eta indartsuak.

“THE VERY BEST” EDDIE FLOYD (Stax, 2007)



Bilduma honetan, berriro masterizatuta entzun ditzakezue Knock on wood eta beste kanta ezagun asko.

“THE VERY BEST” BOOKER T AND THE MG´S (Stax, 2007)



Soul musikak inoiz emandako estudio-banda koloretsuenetako bat. Stax-en garaiko kantu ezagunenak. Berriro masterizatuta.


“THE VERY BEST” WILLIAM BELL (Stax, 2007)



Aurrekoak bezain ezaguna izan ez bazen ere, kanta ederrak grabatu zituen, Otis Redingi eskainitako Tribute To a king adibidez.

“THE VERY BEST” ISAAC HAYES (Stax, 2007)



Shaft abesti ospetsuaz gain, Isaac Hayesek Staxekin grabatu zituen beste kanta batzuk jasotzen ditu. Shaft filmaren soinu-banda jasotzen duen diskoa ere oso gomendagarria da. 

“THE VERY BEST” STAPLE SINGERS (Stax, 2007)



Elizetako gospel ahotsak soulera eramanda. Mistizismoa eta mezu sozialak, biak bat eginda. Berriro masterizatutako kantak.

“THE 20 GREATEST HITS” JOHNNIE TAYLOR (Fantasy, 1977)



Stax zigiluaren azken txanpan, arrakasta izan zuen Taylorrek. Bilduma honetan, bere abesti arrakastatsuena topatuko duzue: Making love

“STAX. 50TH ANNIVERSARY” ASKOREN ARTEAN (Stax, 2007)



Amaitzeko, noski, Stax-en arrakasta gehienak jasotzen dituen disko bikoitza: zigiluaren berpizkundea ospatzeko aproposa.