Spirit: Maskaradun heroia

Spirit: Maskaradun heroia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/spirit-maskaradun-heroia/@@download/image/91p72spirit3.jpg
2008/12/05
erreportajea
Gontzal Agote
"The Spirit", maskaradun heroia. Will Eisner komikilariak 1940an sortutako pertsonaiak 68 urte behar izan ditu zinemara salto egiteko. Frank Miller-ek zuzendu du filma.

Teknologia berriek eta ideia eskasiak koktel arriskutsua osatu ohi dute. Hortik sortu da, adibidez, azken urteotako fenomenorik nabarmenena: komiki-pertsonaia eta istorioen zinema egokitzapenak. Ohitu egin gara Hellboy, Iron Man, Spiderman, Daredevil, Batman eta gisakoak hezur eta haragi bilakatuta ikusten. Eta uholdea hasi besterik ez da egin. Ekoiztetxeen arteko liskarrak amaitzen badira, Alan Moore eta Dave Gibbonsen The Watchmen izanen da hurrengoa. Eta aurrerantzean ere, uzta oparoa utziko du komikigintza eta zinemagintzaren arteko harreman arriskutsuak.

Txanponaren bi aldeak ezagutzen ditu Frank Millerek. Miller komikigilea da, eta bere lanetako batzuk pantaila handira eraman dituzte: Sin City (Frank Miller eta Robert Rodriguez, 2005), 300 (Zack Snyder, 2007), eta The dark Knight (Christopher Nolan, 2008). Hori, batetik. Bestetik, zuzendari lanetan ere aritutakoa da Miller ipurterrea. Robert Rodriguezekin batera aritu zen Sin City gogorrean, eta, bere gisa aritu da hil honetan estreinatuko den The Spirit-en.  
Will Eisner handiak sortu zuen The Spirit, 1940an. Komikia AEBetako igandekarietan argitaratzen hasi zen eta, denborarekin, erreferentzia bihurtu zen. Gaur egun, klasikoa da.

Danny Colt da The Spirit, maskaradun heroia. Polizia-buruaren laguntzaz, gaizkiaren kontra aritzen da Central Cityn. Baina bere jardunak mundu osora eramanen du. Spiriten laguntzaile nagusia Ebony White da: Ebony beltza da eta, hasieran batez ere, Eisnerek kritika gogorrak entzun behar izan zituen pertsonaiari emandako hainbat ezaugarri zirela eta.

Frank Milleren filmak ez du inor hotz utziko. Trailerra aspalditik ikus daiteke interneten eta zeresan handia eman du, alde eta kontra. Ez da harritzekoa, eguberrietako apustu komertzial argia baita pelikula hau.

Aurrekontu handia izan du Millerek, baina aktore ezezaguna aukeratu du protagonista izateko, Gabriel Macht. Ospe handiko izarrak jarri ditu haren ondoan: Samuel L. Jackson maltzurra, Scarlett Johansson nekaezina eta Eva Mendes mediatikoa.

Dena den, Miller ez da The Spirit honetan geldituko. Zurrumurruek diotenez, ez da batere kontent gelditu emaitzarekin, baina hala ere -edo horrexegatik, akaso-, bigarren zatia estreinatuko du 2009an. Proiektu horretan, Miller jauna Robert Rodriguezekin arituko da berriro, eta Rosario Dawson, Jessica Alba eta Mickey Rourkek aktoreak izango ditu bere aginduetara.