Spielberg berriak

Spielberg berriak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/spielberg-berriak/@@download/image/82p14kam.jpg
2008/02/01
erreportajea
Gorka Julio
Spielberg berriak
Internetek eta kamerek bideoak edozein leku eta egoeratan grabatzeko aukera ematen dute. Bideo horiek askotan ez dute interes handiegirik izaten. Edo, bai? Zergatik ez igo gure bideo lanak gune batera? Eta gune hori, gainera, euskaraz badago? Euskaltube.com-ek (http://www.euskaltube.com) bideoak igotzeko, taldeak sortzeko eta besteen bideoak ikusteko, baloratzeko eta haiei buruz iruzkinak uzteko aukera ematen du. 

Bideoak igo
Euskaltube.com-ek, behin kontu bat sortu ondoren, bideoak igotzeko aukera ematen du. Bideoak igotzeko garaian, zenbait datu bete behar dira: izenburua, azalpena, etiketak, zein kategoriatakoa den bideoa, non grabatu zen, eta iruzkinak uztea eta erabiltzaileen parte hartzea ahalbidetzen duten ezaugarriak. Ondoren, bideoa aukeratu eta igotzen hasiko da. Igotzen amaitzen duenean, Nire bideoak izeneko atalean izango da, gainerako gure bideo guztiekin batera.

Taldeak sortu

Taldeak sortzeko aukera ere badago. Talde baten bidez, hainbat pertsonek gai jakin bati buruzko bideoak edo elkarrekin zerikusia dutenak igotzeko aukera dute. Beraz, gure kanal propioa sor dezakegu, beste lagun batzuekin batera.

Erabiltzaile profila bete

Erabiltzaile bakoitzak bere buruari buruzko zenbait datu bete ditzake. Ondoren, Euskaltube.com-eko gainontzeko erabiltzaileak ezagutzeko aukera izango du, eta haiek ere bera ezagutuko dute. Horretarako, erabiltzaile bakoitzak bere profila dauka. Erabiltzaile baten profilean sartzen garenean, bere lagun egiteko aukera izango dugu: hori eginez gero, Nire lagunak atalaren bidez, lagun horien bideoak eta profilak ikusi ahal izango ditugu.

Eskatutako datuetatik garrantzitsuenetakoa irudia da. Hari esker, guk igotako bideoen azpian, eskuinean, Euskaltuberen logoa ikusi beharrean, guk zehaztutakoa ikusiko dugu, geure telebista izango balitz bezala.

Ikusi, iritzia eman…

Beste erabiltzaileen bideoak baloratzea ere badago, bideoen ondoan ageri diren izartxoak klikatuta. Gehienez, bost puntu eman dakizkioke bideo bati. Era berean, bideoa Gogokoetara gehitu dezakegu: Nire gogokoak atalean ikusi ahal izango ditugu bideo horiek. Bideoei iruzkinak egiteko aukera ere badago.

Euskaltube.comek eskainitako aukerak ikusita, nork dio hurrengo euskal eSpielberg-a ez dela hemen agertuko?

HARRITU GAITU


Euzkal Errian Euzkaras  (http://www.flickr.com/groups/euzkaras/pool/). Harritu egiten gaituzte, oraindik ere, kartel, iragarki, webgune eta abarretan enpresek eta erakundeek euskaraz egiten dituzten akatsek. Akats horiek biltzeko hainbatek egiten duten ahalegina ere harrigarria da. Webgune honetan, euskaraz(edo) idatzitako perla politak aurkituko dituzue.

KATXONDOENA



Paleo-Future (http://www.paleofuture.com/). Beti gabiltza etorkizunari begira. Eta batzuk etorkizunaren nondik norakoak asmatzen ere saiatzen dira. Egia esan, denok egin dugu ariketa hori inoiz, eta baita huts egin ere. Horri buruzkoa da, hain zuzen ere, webgune hau: inoiz egia bihurtu ez diren etorkizunari buruzko iragarpenen bilduma.

INFORMAZIO BILA


Wikia search (http://search.wikia.com). Wikipediaren sortzaileek eratutako web bilatzaile bat da. Bilatzaile honen berezitasuna jendearen parte hartzea da; jendeak lagunduko baitu bilatzailea hobetzen, bilaketak egokitzen, SPAM mezuak filtratzen… Horrez gainera, bilatzailearen kodea irekia izango da, software libre bezala argitaratuko baitute. Lehenengo bertsioetatik euskarazko dokumentazioa dago.