Spam mezuen aurka

Spam mezuen aurka https://www.gaztezulo.eus/albisteak/spam-mezuen-aurka/@@download/image/43p44-1_1368038104.jpg
2004/07/02
erreportajea
Gorka Julio
Spam mezuen aurka
Seguruenik zu ere SPAM mezuen biktima izan zara, baina beharbada ez dituzu izen horrekin ezagutuko. SPAM mezuak, zuk eskatu gabe zure posta elektronikora iristen diren iragarki edo eskaintza mezuak dira. Egunero horrelako mezu pila jasotzen dugu postontzian eta egoera gero eta larriagoa da. 

SPAM hitzaren jatorriari buruz hainbat hipotesi daude. Hala ere, askoren ustez, Hormel Foods enpresak merkaturatako Hormel's Spiced Ham haragi ontziratuan du jatorria. Askok 'zabor janaritzat' dute ontziratutako haragi hori. Produktua oso famatu egin zen garai batean, eta saltzaileek SPAM laburdura erabili zuten haragia izendatzeko. Produktuaren ospea areagotu egin zen Monty Python komiko taldeak esketx bat egiteko haragia oinarri hartu zuenean. Kantu bat ere sortu zioten ditxosozko haragiari.   

Gaur egun, laburdura hori 'zabor mezuak' izendatzeko erabili ohi da. Zergatik? Hormel's Spiced Ham haragi famatuko iragarkiek bezala, mezuok beti gauza bera eskaintzen digutelako: afrodisiakoak erosteko gomendioak, sexu makina izateko egin beharrekoak, ametsetako bidaia nola lortu…

Zerbitzariak mezuen aurka  

Nazkaturik zaude SPAM mezuetan zakila luzatzeko teknikei buruzko argibideak irakurtzeaz, bidaia zoragarriei buruzko informazioa jasotzeaz edota afrodisiakoak eta biagra famatua lortzeko eskaintzen berri izateaz? Momentuz ez dago SPAM mezuen aurkako behin betiko neurririk, baina neurri batzuk hartuz gero, horrelako mezuak saihestu ahal izango dituzu. Esaterako, zenbait webmail zerbitzarik, hau da, internauta askok erabiltzen dituzten posta elektronikoen zerbitzariek, hotmail-ek eta yahoo-k kasu, SPAMaren aurkako iragazkiak dituzte. Aipatu zerbitzarik mezu horiek sailkatzeko eta ezabatzeko aukera ematen dute. 'Zabor mezu' gisa sailkatzen dituzte, eta ondoren, erabiltzaileari aukera ematen zaio mezuak ikusteko. Erabiltzaileak erabaki dezake mezu horiekin zer egin: ezabatu, irakurri, gorde eta abar. Beraz, horrelako iragazkia duten zerbitzarietara jotzea da onena.

Bestela ere, webgune askotan SPAM mezuei aurre egiteko gomendioak bildu dituzte: www.elistas.net/legal/nospam.html gunean, esate baterako.

Programa bereziak

Arazo honi aurre egiteko programak ere badira. Programa hauek lan molde ezberdinak dituzte. Batzuek, ezarritako arauak jarraituz, mezuak baztertzen dituzte. Badira, gainera, mezu osoa jaitsi gabe mezuaren burukoa ikusteko aukera ematen duten programak. Azken horien bidez, mezua zabaldu ala ez erabakitzeko aukera dugu.  

Programa hauek askotan debaldekoak izan ohi dira. Hona hemen erabilienak: Windows sistemarako, MailWasher, K9 AntiSpam eta Email Control. Linux sistemarako, MailScanner, Active Spam Killer eta Spam Assasin. Mac sistemarako, Spamnix eta Spamfire.

Bilatzaileetan programen izenak jarriz gero, horiei buruzko informazioa eta programa ipintzeko xehetasunak izango dituzu. Ez duzu arazoa  erabat konponduko, baina lasaiago ibiliko zara.

SPAM-aren aurkako neurriak



Esan bezala, SPAM mezuak betiko saihesteko neurri eraginkorrik ez da. Hala ere, honako neurriak hartuz gero, horrelako mezu gutxiago jasoko dituzu.

Ez erantzun inoiz horrelako mezurik, izan ere, erantzunez gero  posta elektronikoko zure helbidea erabilgarria dela adieraziko diozu bidaltzaileari.

Mezuak irakurtzeko programarik baduzu, kontuan izan hauetan askotan iragazkiak ezar daitezkeela. Mezuak hitzen arabera sailkatu ahal izango dituzu eta nahi izanez gero, zure postatik saihestu.

Zure helbidea beharrezkoa denean besterik ez eman.

Inoiz ez jarri zure posta elektronikoko helbidea interneteko galdeketa orrietan.

Jasotzen ari zaren SPAM kopurua gehiegizkoa bada, onena helbidez aldatzea da.