Spam deiek aurrezenbaki jakina izan beharko dute Espainiako Estatuan

Spam deiek aurrezenbaki jakina izan beharko dute Espainiako Estatuan Dei horiek jasoz gero, identifikatu eta baztertu ahal izateko aukera izatea da neurri honen helburua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/spam-deiek-aurrezenbaki-jakina-izan-beharko-dute-espainiako-estatuan/@@download/image/pexels-fotios-photos-876285.jpg
2025/07/17
Dei horiek jasoz gero, identifikatu eta baztertu ahal izateko aukera izatea da neurri honen helburua.
Spam deiek aurrezenbaki jakina izan beharko dute Espainiako Estatuan

Robinson zerrenda eta duela pare bat urte indarrean jarritako Telekomunikazio Legea izanik ere, spam deiak jasotzen jarraitzen dute herritar askok. Hori dela eta, dei mota honen arazoari aurre egiteko beste neurri bat hartu du Espainiako Gobernuak. Ekainaren 7az geroztik, debekatuta dago 600 eta 700 aurrezenbakiak dituzten mugikorretatik helburu komertziala duten deiak egitea. Horien ordez, 800 eta 900 aurrezenbakiak dituzten telefonoak erabili beharko dira.

Arau honen bitartez, dei hauek identifikatu eta blokeatzeko aukera eman nahi zaie herritarrei. Horretaz gain, iruzurren aurrean euren burua babesteko modua ere izan daiteke.

Neurri honek ez du spam deien desagerpena ekarriko, noski, baina identifikagarriagoak izango dira, enpresek ezingo baitute deiaren arrazoia ezkutatu. Hala ere, kontuan izan beharko da aurrezenbaki hauek dituzten guztiak ez direla spam deiak izango, bezeroari arreta ematen dioten enpresek ere halako zenbakiak erabiltzen baitituzte.

Telekomunikazio operadoreek halako deiak blokeatu ditzakete behar den zenbakitik egiten ez badira. Hala, deia norbanakoaren telefonora iritsi baino lehen moztuko litzateke. Martxotik dute aukera hau eta Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, lehen hiru hilabeteetan hamalau milioi dei baino gehiago eta zortziehun mila SMS baino gehiago blokeatu omen dituzte. Horrekin batera, Espainiako Estatuko zenbaki batetik sortuak diruditen baina nazioarteko jatorria duten deiak eta mezuak eteteko zeregina ere badute. 

Beste neurrietako batek SMS mezuekin izango du zerikusia. SMSak bidaltzerakoan batzuetan etiketa alfanumerikoa erabiltzen dute identifikatzaile gisa, zenbaki mugikor baten ordez. Joera zabaldua da enpresen eta administrazio publikon komunikazioetan. Datu-basea sortuko dute kode alfanumeriko horiekin eta erregistratu eta egiaztatuko egingo dituzte. Hala, konpainien edo erakundeen izena babestuko dute eta azkarrago eta modu eraginkorragoan jabetuko dira haiek ordezteko saiakerak daudenean.

Kontuan izan behar da interes komertzialeko deiak jasotzeko baimenak ere onartu ohi ditugula batzuetan zenbait kontratu sinatzerako garaian. Beraz, halakoetan arreta jartzea komeni da, nahi ez dugun deirik ez jasotzeko. Bestetik, konpainia batek ematen digun zerbitzua hobetu edo deskonturen bat eskaintzeko deitzen badu, zilegi izan daiteke, intereseko komunikaziotzat jotzen baita.

Halako neurriekin gertatu ohi den bezala, izango da guztiari izkin egingo dionik. Gainera, atzerriko zenbakietatik deitzen badute, ez dute hemengo legedia bete beharrik. Dena den, halako deirik iristen bazaigu, lehen zenbakiei erreparatu eta arrastoren bat izango dugu behintzat.