'SOS Kantak Arriskuan' saioa estreinatuko da igandean ETB1en
Belaunaldiz belaunaldi transmititu eta, erregistratu edo grabatu gabe daudenez, hiltzeko zorian dauden abesti herrikoiak salbatu nahian arituko dira Klara Mendizabal sopranoa, Lide Hernando abeslari eta musika ekoizlea, eta Iker Lauroba musikaria SOS Kantak Arriskuan saio berrian.
Herriz herri ibiliko dira, kantu horien jatorria eta historia ezagutu eta ezagutarazteko asmoz. Ondoren, bertsio profesional tradizionala grabatuko dute herriko ahots onenen laguntzarekin, eta baita bigarren bertsio moderno eta eguneratuagoa ere. Horretarako, kantatzeko prest dauden herritarrak topatu beharko dituzte, eta castinga egingo dute. Abestia aurkezteko ekitaldia ere egingo dute herritarren aurrean, prozesuan grabatutako irudiak erakutsiz.
Gainera, abestiaren hainbat alderdi aztertuko dituzte, konposizioaren atzean ezkutatzen diren historia eta lekuak ezagutuz: aipatzen den ibaia, existitzen ez den etxea, ahaztuta dagoen tradizioren bat… Ikerketa lan hori egiteko, bertako herritarrengana joko dute hiru aurkezleek.
Ondarroan izango dira lehen saioan, eta hurrengoetan Deba, Itsasu, Oiartzun, Otxandio, Errenteria, Azkaine, Hernani, Oñati eta Luzaidera joko dute. Saioa igande gauetan emango dute, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

