SOS hezkuntza

SOS hezkuntza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sos-hezkuntza/@@download/image/2011923641ainho_1361293208.jpg
2011/09/02
erreportajea
Ainhoa Larrabe Euskal Herriak Bere Eskola-ko kidea
Hezkuntzak jendarte eredu zehatz bat birproduzitu eta garatuko duten pertsonak heztea du helburu. Etorkizuneko gizartea osatuko duten herritarren baloreak, gaitasunak, ikuskera, identitatea… dena dago jokoan.


Zapalkuntzarako edo eraldaketarako tresna da, jendarte baten eraikuntzarako zutabe garrantzitsuenetariko bat. Horregatik, administrazioek honen kontrolerako neurri ezberdinak hartu eta beraien interesen araberako hezkuntza sistema eratzen dute. Gure herria da horren isla garbia. Euskal Herriak, nazio ukatua den aldetik, ez du berezko hezkuntza sistemarik garatzeko aukera, eta horrenbestez, hezkuntza sistema frantziar eta espainiarra ezartzen zaizkigu. Bi estatuak inposaketa honetaz baliatzen dira euskararen zein euskal kulturaren aurka egiteko. Ondorioak begibistakoak dira: ikasleak euskalduntzen ez dituzten ereduen aplikazioak, espainol eta frantses gisa hezten gaituzten curriculum arrotzak, inolako parte hartzerik gabeko hezkuntza, belaunaldi berriak balore aurrerakoietan hezteko eskubidearen zapalketa, gure ekonomiaren eta jendartearen garapenerako goi mailako hezkuntza antolatzeko aukeraren ukazioa… eta abar luze bat.

Hau guztia gutxi balitz, azken urte hauetan areagotu egin da euskal hezkuntzaren aurkako erasoaldia:  gure ama hizkuntza ezabatzen duen eredu hirueledunaren aplikazioa –TIL/Hello Nafarroan eta Trilinguismoa EAEn–, 'Educacion para la paz' delakoa, Euskal Herria kontzeptua liburuetatik ezabatzea, Unibertsitatean Bolognaren aplikazioa….
 
Hezkuntzari merezi duen garrantzia aitortu eta aurrerapausoak ematea inoiz baino beharrezkoagoa da. Alternatibak esku artean ditugu: Euskararen Kontseiluak buruturiko eleaniztasunaren proposamena; Ikastolek, Sortzen-Ikasbatuazek eta Udalbiltzak elkarlanean garatutako Euskal Curriculuma; egun ez daukagun Euskal Unibertsitatearen egitasmoa. Herriz herri eta ikastetxez ikastetxe hezkuntza sistema euskaldun eta herritar baten aldeko lan praktikoa egitea dagokigu langile, guraso, ikasle zein herritarroi. Denok batera, bil gaitezen eta bultza dezagun, gaitasuna badugu eta!