Sortzaile gazteei eskainitako 'BaDAbil' podcasta sortu dute, Amets Aranguren kazetari eta musikariak gidatuta

Sortzaile gazteei eskainitako 'BaDAbil' podcasta sortu dute, Amets Aranguren kazetari eta musikariak gidatuta Garazi Arrula, Josune Freire, Uxue Razquin, Izaro Andres eta Aner Euzkitzek parte hartu dute besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sortzaile-gazteei-eskainitako-badabil-podcasta-sortu-dute-amets-aranguren-kazetari-eta-musikariak-gidatuta/@@download/image/20231124150636_badabil_foto610x342.jpg
2023/11/29
Garazi Arrula, Josune Freire, Uxue Razquin, Izaro Andres eta Aner Euzkitzek parte hartu dute besteak beste.
Sortzaile gazteei eskainitako 'BaDAbil' podcasta sortu dute, Amets Aranguren kazetari eta musikariak gidatuta

Durangoko Azokaren 58. edizioaren atarian, sortzaile gazteei eskainitako BaDA!bil  podcasta estreinatu dute. Amets Aranguren kazetari eta musikariak gidatzen du podcasta, eta atal bakoitzean gai baten inguruan egiten dute gogoeta sortzaileekin. 

Lehen atalean, Durangoko Azoka autore gisa lehen aldiz zapalduko duten hiru lagun elkartu dituzte, hasi berri duten bidean bizi eta hausnartutakoak partekatzeko: Julen Apella idazle berriztarra, Ithaka taldeko bateria-jotzailea den Josune Freire oriotarra, eta antzerkiaren prestigio sozial faltaren inguruan Ura Jaten saiakera idatzi duen Maddi Goikoetxea donostiarra. 

Bigarrenean, editorearen lanaz eta belaunaldi aldaketak ekarri duen ikuspegi berriaz aritu dira Garazi Arrula idazle, itzultzaile eta editore tafallarra, Uxue Razquin editore iruindarra, eta Lizar Begoña idazle sopelaztarra. 

Gaur kaleratutako hirugarren atalean, berriz, norberaren esposizio publikoari neurria hartzeaz solas egin dute. Izaro Andres musikari mallabiarra, Aner Euzkitze bertsolari zarauztarra, eta Lide Hernando musikari donostiarra elkartu dituzte horretarako.

Podcastak bost atal izango ditu guztira eta EITBPodkasten zein Primeran plataforman entzun daitezke atalak. Bideopodcast formatuan ere ikus daiteke Youtuben

Hirudamatxok ekoitzi du EITB Podkast atarirako, Durangoko Azokarekiko elkarlanean.