'Sortaldekoak' errezitaldi musikatua egingo dute gaur Bilboko Arriaga antzokian
Hedoi Etxartek, Xabier Erkiziak eta Broken Brothers Brass Band-ek Sortaldekoak emanaldia eskainiko dute gaur, 19:30ean, Bilboko Arriaga Antzokiko Foyerrean, 'Literatura eta musika euskaraz' zikloaren baitan.
2021eko urrian aurkeztu zuen Hedoi Etxartek (Iruñea, 1986) bere hirugarren poema liburua, Sortaldekoak (Susa). 64 poemez osatutako liburua da eta memoria pertsonala, eguneroko bizitza, iragan intimoa eta familia-genealogia dira idatzien ardatza.
Liburua ez zen, ordea, bere horretara mugatu. Abestiak ere sortu zituen, Broken Brothers Brass Band taldeko musikariekin eta Xabier Erkizia musikari eta ekoizlearekin batera. Aldi berean, ikus-entzunezko piezak egin zituen Ion Celestino, Xabier Erkizia, Moises Berdonces, Amaia Espinosa, Broken Brothers Brass Band, Xabier Apestegui eta Arriguriko lagunekin.
Errezitaldian musika, poesia, soinuak, lekuak eta oroitzapenak uztartuko dituzte, "Antonio Tabucchiren izpirituarekin, liburu baten baitan ez dagoelako soilik irakurleek bilatutakoa. Liburu bat zabaltzeko modu bakarra liburutik alde egitea delako".

