Sormenen eta Literaturian disko eta liburu berriak aurkezteko eskaerak apirilean egingo dira

Ahotseneak elkarlana abiatu zuen Literaturiarekin, 2018an, eta Galdakaoko Sormenerekin, 2020an, euskarazko liburu eta diskoei plaza berriak eskaintzeko ahaleginean. Elkarlan horrekin jarraituz, aurten ere Ahotsenek lekua izango du bi ekitaldietan. Hori dela eta, liburu eta diskoren bat kaleratu berri dutenei ekimen horietan aurkezteko gonbita luzatu diete.
Maiatzaren 13an eta 14an egingo dute Sormeneren udaberriko ekinaldia, eta jasotzen dituzten eskaerak irizpide hauen arabera aukeratuko dituzte: euskarazkoa izatea, 2022an argitaratua, egileen genero parekidetasuna, sortzaile berriei lekua egitea, argitaletxe eta diskoetxeen arteko oreka, eta lurraldetasuna.
Diskoak maiatzaren 13an, 18:00etatik 20:00etara, eta maiatzaren 14an, 18:00etatik 22:00etara, aurkeztea aurreikusten dute, eta liburuak, berriz, maiatzaren 14an, 12:00etatik 14:00etara, Galdakaoko Kurtzeko plazan izango den karpan. Gainera, maiatzaren 15ean, Sormenek Kultur Sorkuntzen Azoka antolatuko du Gandasegi ikastetxeko aterpean. Azoka horretan musikari eta disketxeei erakusmahaiak doan eskainiko dizkiete euren ekoizpen lanak erakutsi eta saltzeko. Azokan parte hartzeko ez da ezinbestekoa izango disko edo liburuak aurtengoak izatea.
Zarauzko Literaturian ere liburu berrien aurkezpenei tokia egingo diete; maiatzaren 28an, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta maiatzaren 29an, 12:00etatik 14:00etara. Literaturiako aurkezpenak liburu azokan bertan egingo dira, aurreko urteetan legez.
Izen-ematea apirilaren 4tik aurrera
Sormenen eta Literaturian lan berriak zuzenean aurkeztu edota ekoizpenak azokan erakutsi eta saldu nahi dituztenek izena eman beharko dute aurrez. Izen-ematea apirilaren 4an zabalduko dute, goizeko hamarretan, Ahotsenearen webgunean.