'Sormenaren Kabia' egonaldiak izango dira udan Alkizako Ur Mara museoan

'Sormenaren Kabia' egonaldiak izango dira udan Alkizako Ur Mara museoan Artea, zientzia eta natura uztartuko dituzten egonaldiak eskainiko dituzte lehen aldiz. Zientzia alorreko adituen saio teoriko eta praktikoak jasoko dituzte parte-hartzaileek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sormenaren-kabia-egonaldiak-izango-dira-udan-alkizako-ur-mara-museoan/@@download/image/sormenaren kabia.jpg
2021/05/31

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Artea, zientzia eta natura uztartuko dituzten egonaldiak eskainiko dituzte lehen aldiz. Zientzia alorreko adituen saio teoriko eta praktikoak jasoko dituzte parte-hartzaileek.
'Sormenaren Kabia' egonaldiak izango dira udan Alkizako Ur Mara museoan

Zientzia eta naturari lotutako esperimentazio eta prestakuntza artistikorako egonaldiak izango dira Alkizako Ur Mara museoan burutuko direnak. Museoaren sortzaile diren Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville izango dituzte bidelagun parte-hartzaileek. Astebeteko iraupena izango duten hiru egonaldi izango dira, uztailean eta abuztuan, eta bakoitzean gai zehatz bat landuko dute: materia, paisaia eta espazioa. Hausnarketa eta sorkuntza-prozesuetan sakontzeko, zientzia alorretako adituen saio teoriko eta praktikoak jasoko dituzte. Lehenengo ekitaldian, esate baterako, Ana Galarraga zientzia-dibulgatzailea, Itziar Garate astrofisikaria eta Arantza Aranburu geologoa gonbidatu dituzte. Horien laguntzaz, aukeratutako gaiaren inguruan hausnarketa eta sorkuntza-prozesuan sakontzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Juan Barbe papergile artisauak ere saio teoriko eta praktikoak eskainiko ditu. 

Izen-emate epea irekita dago eta alor honetan interesa duen eta adinez nagusia den orok har dezake parte. Ekainaren 25a baino lehen egin behar da izen-ematea baina lehenbailehen egitea komeni da, plaza guztiak amaituta ere. Egonaldien inguruko xehetasun gehiago topa daitezke euren webgunean

Alkizako Udalak, herritarrekin eta herriko eragileekin batera, gogoeta prozesu luze bat gauzatu zuen herriaren etorkizunak nondik norakoa izan behar zuen definitzeko. Prozesu hartatik sortu zen Fagus Alkiza Herri Proiektua. Hiru dira bere zutabeak: natura, gizakia eta bi horien arteko harremanetik sortzen den kultura. Azken horri lotuta sortu zen, hain zuzen ere, Sormenaren Kabia Beka 2018an.

Sormenaren Kabia Egonaldiak erakunde publiko eta pribatuen elkarlanaren bidez sortu dira. Izan ere, Ur Mara Museoa eta Alkizako Udala elkar hartuta aritu dira lanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa ere izango du ekimenak.