Sorkuntzaren plaza izango da egunotan Galdakao
Sormene Sorkuntzen Plaza bigarren aldiz egingo dute Galdakaon, bihar hasi eta igandera bitartean. Kultur adierazpide ugari bilduko dituzte egitarauaren barruan: musika, dantza, antzerkia, zinema, ipuinak, komikia, bertsoa, ilustrazioa, literatura... Aurtengoan, gainera, transmisioa, euskara eta emakumea izango dituzte ardatz.
Egungo sortzaileak babestu, euskarazko kultur sorkuntzen kontsumoa sustatu, eta, aurrera begira, sortuko dutenen eta kontsumitzaile izango direnen komunitatea ziurtatu nahi dute. Sormenean eta transmisioan eragitea dute helburu, beraz. Kokalekuari dagokionez, berriz, hiru plaza izango dira: Torrezabal eta Ardanza parkeko karpak, batetik, eta webgunearen bidez egingo duten streaming bidezko jarioa, bestetik.
Egitarauari dagokionez, bihar, hilak 16, ikasleentzako antzerki tailerrak egingo dituzte Formol Laborategiarekin, eta Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa filma eskainiko dute. Emanaldiaren ondoren solasaldia ere egingo dute. Asteazkenean dantza tailerrak egingo dituzte Gari Otamendiren eskutik, eta Batzen gaituzten balsak musika kontzertua ere izango da ESAS Elkartea eta Galdakaoko Musika Eskolarekin. Ostegunean Ines Osinagak musika tailerra egingo du ikasleekin, eta Kamikaz Kolektiboaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanaz gozatzeko aukera izango da.
Ostiralean Eider Eibarren ilustrazio tailerra izango da, ipuin kontaketa musikarekin eta AMAK taldearen kontzertua. Larunbatean Sortzearen bizipoza eta Oa-huetak ikuskizunak eta Diabolo Kiwiren kontzertua eskainiko dute eta igandean, berriz, Tupust!’ komikiaren aurkezpena bertso-saio formatuan, Gerra eta sorkuntzak solasaldia eta Soka-dantza ikuskizuna. Egitarau osoa sarean zintzilikatu dute.


