Sorginkeria, Europa osoan

Euskal Herrian hainbat jazarpen egin izan dira sorginen kontra. Hor dago, esaterako, Zugarramurdiko kasua. Lapurdin, bestalde, 80 lagun sutan erre zituzten XVII. mendean. Baina Euskal Herritik kanpora ere mota honetako prozesu ilun asko egin ziren. Adituek diotenez, XIV eta XVI. mendeen bitartean 50.000 lagun erre zituzten Europa osoan, sorginkeria leporatuta. Liechtenstein-en, esaterako, 3.000 biztanle besterik ez zituenean, 300 gizon eta emakume sutara bidali zituzten. Okzitaniako Tolosan, bestalde, 1334. urtean, 63 herritar epaitu zituzten batera, sorginkeria zela eta.