Sorgingarra jaia antolatu du, bigarrenez, Orereta Ikastolak
Orereta ikastolak Sorgingarra jaia sortu zuen iaz eta aurtengoan ere helduko diote ekimenari. Udaburuko suaren lehen garraren jaia da, azken horren osagarri izateko eta bere izaera paganoa azpimarratu nahiz indartzeko asmoz sortutako egitasmoa.
Bihar izango da jaia, ilunabarrez. Aitzbitarteko Lagunak elkarteko ordezkariek udaburuko suaren lehen garra piztuko dute, 19:00etan, Agirre Lehendakaria plazan. Larruz jantzita, ardagaia erabiliko dute lehen garra pizteko.
Txinparte piztu ondoren, 19:15ean, Irurtzungo Orritz lskidi taldeko izaki mitologiko, joaldun eta dantzariek, eta Erriola konpartsak gidatutako Sorgingar kalejira abiatuko da Agirre Lehendakaria plazatik bertatik. Herriko plazara heldu aurretik, Gamon zumarditik, Biteri Txiki kaletik, Xabier Olaskoaga plazatik, Alfontso XI.a eta Biteri kaleetatik, Koldo Mitxelena plazatik, eta Maria de Lezo eta Maddalen kaleetatik igaroko da kalejira. Xabier Olaskoaga eta Koldo Mitxelena plazetan geldialdiak egingo ditu emanaldi banaz gozatzeko.
Udaburuko suaren lehen garra San Joan bezperara arte piztuta mantentzeko asmoa dute.

