Sorgin Gauak araban

Sorgin Gauak araban Laster iritsiko da Gau Beltza, eta Arabako Lautadan prest daude hildakoen eguna ganoraz ospatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sorgin-gauak-araban/@@download/image/SorginGauak2020.png
2020/10/15
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Laster iritsiko da Gau Beltza, eta Arabako Lautadan prest daude hildakoen eguna ganoraz ospatzeko.
Sorgin Gauak araban

Urriaren 16tik 31ra bitartean, Sorgin Gauak ospatuko dira Arabako Lautadan. Kaleko antzerkia, ikuskizunak eta kontzertuak uztartuko ditu beldurrezko jaialdiaren III. edizioak, Aleak eskainitako informazioaren arabera. Arabako Lautadako Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak (Lautada Bizirik ACICSA) jaialdia antolatuko du berriz ere, hainbat kontzertu eta antzerkirekin urriko asteburuei "bultzada bat" emateko. 

Gauzak horrela, urriaren 16tik 31ra bitartean, Agurain, Dulantzi, Araia eta Larreako arratsalde-gauak animatuko dituzte era guztietako pertsonaia beldurgarriek. Ikuskizunak ostiraletan eta larunbatetan izango dira: magia, dantza, musika eta antzerki emanaldiak izango dira.

Noski, bizi dugun pandemia egoera kontutan izanik, ekitaldi guztietan pertsonen arteko distantziak mantenduko dira, eskuak garbituko dira eta edukiera mugatuko da. Antolatzaileek ezarritako neurriak betetzeko eskatu diote publikoari.

Ostiralean, hilaren 16an, Deabru Beltzak konpainiak emango dio hasiera jaialdiari, Su à feu ikuskizunarekin.  Ondoren, hilaren 17an, Dulantziren txanda izango da. 20:00etan hasiko da Gau belduROCKgarria, Somos Humus taldearen eskutik; kontzertuarekin batera, sorginez mozorrotzen diren lagunentzat sari banaketa egingo da.

Clown magia absurduak ere lekua izango du aurtengo jaialdiaren egitarauan. Izan ere, Concede Clown taldeak Tachan-Tachan 2.0. mikroantzerkia eskainiko du Agurainen. Pailazokeriaz jositako magia zenbakien popurria da, eta urriaren 23an ostirala aurkeztuko dute: 19:30ean Jai-Alai kafetegian; 20:30ean Mendibil tabernan; eta 21:30ean Entzia tabernan.

Hurrengo larunbatean, hilak 24, Beriba Sanba Eskolaren Thriller-Batukada ikuskizunak Agurain girotuko du. DanaOna Jatetxea 20:00etan, Ibaia Garagardotegia 20:30ean, El Gordo Jatetxea 21:00etan— eta Pub Kaskazuri 21:30eantabernetako terrazak bisitatuko ditu.

Azkenaurreko egunean, urriaren 30ean ostiralaJeiki Dantza Taldea eta D'Albeniz berriro batuko dira, Iluntasunean argi argitaragabeko magia eta dantza ikuskizunarekin harritzeko; 20:30ean izango da, Aguraingo Euskal Herria Plazan.

Urriaren 31n ospatuko da Gau Beltza edo Arimen Gaua, eta, horretarako, bi antzezlanen emanaldi bikoitzak antolatu dituzte Araian eta Larrean.

Alde batetik, El Mono Habitado arabar konpainiak Sr. Canino, una perrosona como otra cualquiera aurkeztuko du: 16:30ean izango dira Araiako Marutegi baserrian, eta 17:40ean Larreako Aldaia jatetxean. Bestetik, Benditas, todo viene del cielo obraren zati bat eskainiko da Araiako establezimendutan antolatutako bi pasetan: 19:30ean Umandi jatetxean, eta 20:30ean Kuttuna kafetegian.