Sordidus gure itsasoan

Sordidus gure itsasoan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sordidus-gure-itsasoan/@@download/image/joanes3.jpg
2007/07/06
erreportajea
Joanes Etxebarria


Iritzi artikulu honetan azken bi asteetan —oporretan— bizi izan dudan zerbait aipatu nahi nuen: itsasoa. Baina, zer aipa, arrantza, turismoa… kutsadura! Hori bera, eta mila esker, Google. Bilaketan «itsasoa» sartu, eta zientzia.net webgunearen titular, hau agertu zait: «Itsasoa zakarrontzi handi bat da». Eta hala da.

Itsaspeko arrantza egiten aritu naiz Mundakan azken asteetan, eta Donibane Lohitzunen, urte osoan. Ene lagunek hainbat arrainei beldur diete: marrazoak (gutxi batzuk badira kostan), olagarroak, itsas aingirak eta abar. Baina arriskutsuena, itsaspeko arrantzaleentzat eta bereziki hainbat arrainentzat: zikina (sordidus, latinez).

Beldurgarria da, gainera. Sartu burua urpeko kobazulo batean, igeri egin arroka baten azpitik, joan uretara gauez… eta susto pare bat ukanen duzu. Baina ibili ur azalean eta saiatu ahanzten zure burua koskatzen duten hainbat plastiko, sare eta beste hamaika sordidus… Nik nahiago nuke olagarro batekin larrua jo!

Hori erratea, bai erraza. Baina, orain zer? Batzuek hala sumatzen baduzue ere, ez, ez naiz kontzientzia hartze bat sustatzera ausartuko. Nirea aipatu besterik ez.

Papera uretan berez desegiten da. Plastiko poltsak ere, denbora baten buruan. Eta zer erranik ez, kartoiak bi egun edo beharko ditu desegiteko itsaso erdian. Horrelakoak botatzen nizkion ene buruari, kontzientziaren pisua ge-hiegi izan ez zedin. Baina ur azpian ibili, eta popatik aitzakia guztiak! Sordidus-a gure itsas hondoaren parte da jada. Azalekoa icebergearen parte bat baizik ez da.

Erran bezala, kontzientzia hartu dut, azkenean, eta bazen garaia. Baina uda beroa iragarri diguten honetan, ezin egon dei txiki hau luzatu gabe. Hamarnaka, ehunka eta milaka izanen zarete hondartzetan ondoko egun eta hilabeteetan. Eta ez erran turistek digutela itsasoa zikintzen, hori egiaren parte baino ez baita.

Gainera, oraindik ez dira —turistak— saldo handian iritsi, eta guk gure ur eta lurrak errespetatzea eskatzen badiegu, horrenbeste egin beharko dugu guhaurrek, ezta?

Ez badituzue zuen zikinak zakarrontzietara guztion ongizatearen izenean botatzen, nirearen izenean izan dadila. Medikuak erran dit ezin dudala plastikorik jan….