Sorbalda gaineko ezezagun hori

Sorbalda gaineko ezezagun hori https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sorbalda-gaineko-ezezagun-hori/@@download/image/20121046500sexu_1360233737.jpg
2012/10/05
erreportajea
Testua: Igor Erauzkin. Guzu.
Sorbalda gaineko ezezagun hori
Gune misteriotsua da burmuina, ezezaguna bezain garrantzitsua. Neurozientzia adituen esanetan, andrazkoen eta gizonezkoen garunak ezberdinak dira. Hala bada, zertan datza aldea?

Ikertzaileen behaketek ondorioztatu duten datu nabarmen bat tamainari dagokiona da: gizonezkoen masa entzefalikoa %9 handiagoa da. Mende luzez, askotarikoak izan dira honen gainean egindako interpretazioak, baina batez ere XIX. eta XX. mendeetan, emakumeen gaitasun intelektuala gutxiesteko hipotesi moduan erabili izan zen. Dena dela, gaur egun jakin badakigu batzuen eta besteen burmuinek zelula kopuru bera dutela, emakumeen garunean dentsitate handiagoan kontzentratuta ageri direlako garezur txikiago baten barruan.

Izan ere, zientzia teknika berriek goitik behera eraldatu dute gizon eta emakumeen oinarrizko ezberdintasun neurologikoei buruzko jakituria. Orain arte, ikertzaileek hildakoen burmuinak edota adimen kalteak zeuzkaten pertsonen sintomak aztertzen zituzten, baina, gaur egun, genetikaren ezagutzak eta burmuinaren irudiak modu ez inbasiboan lortzeko bidean emandako aurrerapausoek sekulako iraultza ekarri dute neurozientzien teoria eta ikerketetara. Positroi igorpenen tomografiari (PET) esker eta erresonantzia magnetiko funtzionalen bidez lortutako irudiei (IRMf) esker, hainbat egoeraren aurrean gizakiaren burmuinak nola erantzuten duen ikustea lortu dute; adibidez, eragiketa bat ebazterakoan, hizketan ari garela, oroitzapen bat gogora datorkigunean, maitemintzen garenean edota beldurra nahiz depresioa sentitzen dugunean.

Tresna berri hauen bitartez, adituek informazio sorta zabala bildu dute gizonen eta emakumeen burmuinen arteko ezberdintasun estruktural, kimiko, genetiko, hormonal eta funtzionalak identifikatuz. Jakin dute, esate baterako, estres edota gatazka egoeren aurrean gizonek eta emakumeek burmuin sentsibilitate ezberdinak dituztela, eta emozio bat gordetzeko eta bizitzeko, hizkuntza prozesatzeko eta arazoak konpontzeko garun-gune eta zirkuitu ezberdinak erabiltzen dituztela. Alegia, batzuen eta besteen garun sistemak antzekoak diren arren, zeregin berberak burutzeko eta helburu berberak lortzeko, garuneko zirkuitu ezberdinak erabiltzen dituzte.

Honetan ere, hormonak tartean

Gizon eta emakumeen ezberdintasun neurobiologikoak eta bizitzako etapa ezberdinetan ematen diren jokabideak aztertzeko eragile garrantzitsu bat sistema endokrinoa da. Dirudienez, testosterona maila altuak garuneko eskuin hemisferioaren garapena dakar, gaitasun bisioespazialarekin harremanduta dagoena eta oldartzeko joera ere badakarrena. Bestalde, hormona honen maila bajuak komunikaziorako zentroetan eta emozioak prozesatzeko guneetan zelula gehiago garatzeko aukera ahalbidetzen du. Oro har, gizonek emakumeek baino testosterona maila altuagoa izaten dute, beraz, pentsa genezake gizonek gaitasun bisoespazial handiagoa eduki dezaketela eta oldarkortasun nabarmenagoa. Emakumeek, aldiz, komunikatzeko eta emozioak prozesatzeko gaitasun garatuagoa ei lukete.

Naturak indartsu bideratzen eta baldintzatzen ditu gure sexu jokabideak, baina esperientziak, praktikak eta beste pertsonekin ditugun harremanek ere badute neuronak eta garun sistema eraldatzeko gaitasuna; honi garunaren neuroplastizitatea esaten zaio. Plastizitate honen maila gorena ernalketa momentutik hiru urte betetzen ditugun arteko tarte horretan ematen bada ere, garunaren morfologia bizitza osoan zehar eraldatzen da etengabe.
Artikulu honetan gizonen eta emakumeen ezberdintasun neurobiologikoak aztertu ditugu ikuspegi orokor batetik. Datozen zenbakietan, baina, emakumezkoen garunak eta gizonezkoen garunak garatzeko moduetan sakontzen saiatuko gara, jokabideekin dituzten loturei erreparatuz.

JOLASERA!



Denda erotiko askotan aurki daitezke eta, nahi izanez gero, bikotekidearekin fantasiaz jolasteko aukera ematen dute, izan ere, taloitegi hauek hamar sexu proposamen dakartzate. Baina, beti esan dugun moduan, jostailuak gure inguruan ditugun materialekin ere osa ditzakegu guk geuk, eta hau ez da salbuespena. Hortaz, lehenengo pausoa bi ontzi lortzea izango da. Bikotekideek edo maitaleek nahieran bidera dezakete jolasa: sexua praktikatzera, sexu fantasietara… desirekin jolastea da proposamena, hauek modu zabalean ulertuta. Kide bakoitzak hamar proposamen sartuko ditu bere ontzian, eta ondoren, bestearen ontzira joango da bestearen proposamenen berri jakitera. Batak bestearen desirei keinu egitea atsegina izan daiteke.

Proba ezank: sofan



Sofak, telebista ikusteko ez ezik, sexuaz gozatzeko ere balio dezake. Eskatu iezaiozu zure bikote edo maitaleari sofan esertzeko. Jesarri zaitez zu bere gainean, zure belaunak bere bularrean jarrita. Etzan zaitez astiro-astiro buruz behera geratu arte eta luzatu besoak lurrera iritsi arte, pisua erortzen utzi oreka mantentzeko. Mugitu zaitez aurrera eta atzera hankak zabaltzen dituzun bitartean. Bikote edo maitaleari zure gorputza begiztatzeko aukera emango diozu eta, mugimenduak zure esku daudenez, zure gustura egiten kontzentra zaitezke.