Sonia Gonzalez: "Bilbo oso hiri literarioa da"

Sonia Gonzalez: "Bilbo oso hiri literarioa da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sonia-gonzalez-quotbilbo-oso-hiri-literarioa-daquot/@@download/image/35p18.jpg
2003/11/07
elkarrizketa
Unai Brea
Sonia Gonzalez. Barakaldokoa, Malagako etorkin biren alaba eta euskaldunberri peto-petoa. Udan eman zuen argitara lehen eleberria, "Ugerra eta kedarra", 80ko hamarkadako Bilbon bizi diren gazte batzuen istorioa. Bilbon bizi da orain, LAB sindikatuan beharrean dabilen idazle gazte hau. Bertako taberna batean hartu gaitu, Busturian ikasitako bizkaiera txukuna ahoan.

"Barakaldokoa naiz eta daukat paro obrero…". Zer dakarkizu gogora abesti horrek?
Jende askok kantatu didala, jendeak etorri handia dauka eta. Momentu batetik aurrera, Bilbokoa naizela esaten hasi nintzen, bestela…

Baina abestiak dioenarekin bat egin duzu?

Bai. "Goizero, goizero, AEKn bezero…". Hala da. Horiexek dira euskaldunberri baten komeriak, ezta?

Zure eleberriko Bilbo benetako Bilbo al da?

Bilbo asko daude. Bilboren zati bat da eleberrian agertzen dena, 80ko hamarkadakoa. Hainbat gauzek berdin jarraitzen dute, baina beste batzuk oso bestelakoak dira. Nire ustez, Bilboko arima horrek bere horretan dirau, baina inguruari begiratzen badiozu, eraikitzen dabiltzan azpiegituren Bilbo "ofizial" horri... Zer gura duzu esatea? Gauza batzuetarako ondo dago, baina beste alde batetik, hainbat gauza ezkutatzea baino ez da. Bilbon dauden hainbat arazo ez dituzte konpondu, dagoen pobrezia itzela, esaterako.

Bilbo hiri literarioa da?

Oso. Ez dira eleberri asko girotu Bilbon, baina hiri aproposa da eleberri baterako, batez ere lehen esandakoagatik, hainbat Bilbo desberdin daudelako, hain zuzen. Edozer gauza kontatzeko aukera ematen du hiri honek, hainbat motatako jendea bizi delako bertan.

"
Ugerra eta kedarra"-k duela hainbat urte gertatutako istorioa dakar, baina zer uste duzu gaur egungo euskal gazteriaz?
Gehienak tontotuta daudela pentsatzen dut.

Alienatuta?

Izan daiteke. Hala eta guztiz ere, batzuetan pentsatzen dut benetan ez dela hainbesterako. Normalean, atzetik datozen belaunaldiei begiratzen zaienean, beti ikusten dira txarto norberarekin konparatuta. Beti dago zer kritikatu. Hala ere, nik oso esperientzia politak izan ditut jende gaztearekin.

Hala ere, komunikabide handietatik datorren erasoari ihes egitea ez da erraza, ezta? "Gran Hermano" dela, sakeleko telefonorako abestiak direla…

Ez da sekula erraza izan. Orain horiek dira, eta lehen beste gauza batzuk ziren. Ez naiz akordatzen zeintzuk, baina baziren. Norberari tokatzen zaionean, ez da analisirik egiten.

Hirizalea zara. Defendatu hiria orduan, herri txikietan bizitzea hobe dela diotenen aurrean…

Hirian denetarik duzu. Gura baduzu galdu egin zaitezke, inork ezagutzen ez zaituen lekutik ibili… Gainera, zerbitzu guztiak dituzu eskura. Horrekin batera, auzoa ere baduzu, eta auzoan bizitzea herri txiki batean bizitzea legez da; denak ezagutzen dituzu, tabernak dituzu… Asfaltoa ere gustatzen zait.

Estresa, kutsadura, zarata eta abar ere baditu hiriak baina…

Momentuz, gustatu egiten zait hori ere. Dena dela, horrek ez du esan gura hemendik urte batzutara ez naizenik irtengo.

Idazle gazte askok, aisialdian zer egiten duten galdetuta, "idatzi" erantzuten dute. Zuk zer egiten duzu?

Beharretik irten eta gero, osteratxoa egiten dut Alde Zaharreraino. Gero, etxera joan edo kalean gelditu. Kalean gelditzen banaiz, pote batzuk hartu eta berriketan ibiltzen naiz. Lagunekin elkartzen ez banaiz, etxera joan eta batzuetan idatzi, beste batzuetan leitu, edo telebista ikusi, edo potrojorretan ibili...  "Poteoa", da nire zaletasun nagusia, eta lantzean behin zeozer idazten dut.

Itxaroten jakitearen garrantzia



Sonia Gonzalezek Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta, dioenez, “unibertsitatean hasi nintzen bene-benetan euskara ikasten”. Baita ondo ikasi ere, bistan denez. Bizitza osoa eman ei du euskaraz zeozer idazteko zain, “nik banekien zer idatzi gura nuen, baina itxaron egin nuen, euskaraz segurtasunez idatzi ahal izateko”.

Momentuz, lan bi argitaratu ditu. Lehenengoak (“Sagarroiak”, poema liburua 2002), Felipe Arrese Beitia saria irabazi zuen.

Ugerra eta kedarra”, lau urtez izan zuen kajoi batean Txalapartakoek argitaratzeko eskatu aurretik. Datorren urterako zerbait kaleratuko duela esan digu, off the record. Bitartean, gogora datorkiona papereratzen du, eta horrez gain, zutabe bat idazten du Gara egunkarian.