"Soft Life" deitutako TikTokeko joerak emakume indartsuaren mitoarekin hausteko gonbita egiten du

"Soft Life" deitutako TikTokeko joerak emakume indartsuaren mitoarekin hausteko gonbita egiten du Bake momentuak aurkitzea beharrezkoa da gure osasun mentala zaintzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/soft-life-deitutako-tiktokeko-joerak-emakume-indartsuaren-mitoarekin-hausteko-gonbita-egiten-du/@@download/image/soft-life-4.jpg
2023/03/08

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Bake momentuak aurkitzea beharrezkoa da gure osasun mentala zaintzeko.
"Soft Life" deitutako TikTokeko joerak emakume indartsuaren mitoarekin hausteko gonbita egiten du

Litekeena da zure TikTokean soft life (bizitza leuna / samurra) kontzeptuari buruzko bideoak agertu izana. Plataformako azken joera da. Kontzeptu horren atzean bizitzako gauza txikiez gozatzearen aldeko aldarria dago, emakume indartsuaren rola alboratuz, une batez bederen. Hain da horrela, joera honen jatorria strong black woman (emakume betz indartsua) joeratik datorrela. 

Norberak bere burua zaindu eta gure aurpegirik zaurgarriena erakusteaz asko hitz egiten da sareetan, eta joera berri honek ere hori dio, osasun mentalaren mesedetan. Hori bai, etiketa honen atzean ñabardurak daude. TikToken dauden emakume beltz askok azaldu dute joera honi esker konturatu direla strong black woman bezalako aldarriek utzi dioten herentziaz. Errealitate hau beharrezkoa izan da mendeetan zehar arrazismoari eta segregazioari aurre egiteko, noski. 

"Gogorrak bezala hautematen gaituzte, ezerk eragingo ez baligu bezala. Emakume beltz indartsuak izaten erakutsi digute eta esango nuke honek kalte gehiago sortzen dizkigula onurak baino dio" Brittany James influentzerrak bere bideo biral batean. 

Traolaren bilaketa azkar batek erakusten digu hamaika emakumek, horietatik gehienak beltzak, detaile txikiak azpimarratzen dituzten bizitzak erakusten ari direla, adibidez euren buruei loreak erosten Miley Cyrus-en Flowers abestiari keinu eginez. Batzuk "printzesa" sentitu nahi dutela aldarrikatzeraino iristen dira. Besteek bizitza idealak erakusten dituzte. 

Joera honek polemika sortu du, ordea, maiz bizitza estilo oso garestia erakusten baitu, luxuz inguratutakoa, oso pertsona gutxiren eskura dagoena. Dena den, modu metaforikoan hartu beharrekoa da, ez literalean. Ideia zure buruarekin ona izatea da, zure burua zaintzea, adibidez zure gustuko edaria hartzea liburu bat irakurtzen duzun bitartean, edo horrenbeste gustatzen zaizun parke horretatik paseo bat ematea. 

Argi dago bizitza ez dela arina, ezta erraza ere, baina espazio "leunak" sortzen saiatzea beharrezkoa da. Ez dezagun gure burua beti indartsu eta gogor izatera behartu.